Iurre BIDEGAIN

AS Bayonne: "Harrituak eta lur jota gaude"

Durangoko neska talde batek AS Bayonne errugbi jokalari batzuengandik jaso eraso sexisten harira, Lapurdiko lehendakariak gertakariak argitu nahi dituela azaldu du. Gertatutakoarekin "harrituak" eta "lur jota" daudela erran ondoren, eraso sexistak "guztiz" kondenatzen dituela nabarmendu du.

Kluba Euskal Errugbi Federazioa eta Jean-René Etchegaray auzapezarekin harremanetan dago. ©Artxiboa
Kluba Euskal Errugbi Federazioa eta Jean-René Etchegaray auzapezarekin harremanetan dago. ©Artxiboa

"Harrituak gaude. Gertatutakoarekin lur jota gaude", aitortu du AS Bayonne taldeko lehendakaria den Guilles Peynochek. Irailaren 3an Durangoko errugbi tabernan gertatutakoa argitzeko bilkura baten beharra nabarmendu du. Bitartean, Euskal Errugbi Federazioa eta Jean-René Etchegaray auzapezarekin harremanetan dagoela azaldu du.

Durango eta Baionako errugbi taldeek lagun arteko partida bat jokatu ondoren, Lapurdiko jokalari batzuk Bizkaiko herrian gelditu ziren 01.30ak arte. Neska talde batek AS Bayonne taldeko jokalari batzuengandik eraso sexistak pairatu zituztela salatu zioten DRTari (Durango Rugby Taldea). Salaketa jaso bezain laster Baionako klubari gutuna bidali zioten. Erantzunik jaso ez zutenez, Durangokoek gertakaria publiko egitea erabaki zuten.

"Gutunen belaunaldikoa naiz, ez naiz mailen garaikoa. Pentsatu nuen barne mailan gauzak argitu behar nituela. Ez nintzen mailaren gogortasunaz ohartu. Gainera, pentsatzen dut horrelako aferentzat denbora behar dela", azaldu Guilles Peynochek.

"Eraso sexisten kontra"

"Gau hartako gertakariak argitzea" Baionako klubaren xedea da. Haatik, eraso sexistak "guztiz" kontatzen dituela argi utzi du. Durangoko klubarekin elkartu nahiko luke; "eta espero dut hark borondate berdina duela".

AS Bayonne taldean ehun bat neskek parte hartzen dute. Azken horiek gertakariekin "harrituak" daudela azpimarratu du. "Mutikoak ezagutzen dituzte. Prestaketak egiten dituzte elkarrekin", erantsi du. Orain arte gaualdi asko antolatu dituztela aipatu du, eta "ez da inoiz ezer pasa".

Lapurdiko taldean eraso sexisten kontrako protokolo zehatzik ez dagoela erran du. Bai, ordea, norberaren jarrerari buruzkoa. Hots, aurkariekin, arbitroarekin edo entrenatzailearekin zein jarrera izan behar duten zehazten duena. Klubak antolatuko duen heldu den biltzarrean protokolo zehatz baten sorrera "ziurrenik aipatuko diren" gaien artean egonen dela zehaztu du presidenteak.