Kazeta

Amets Arzallus nagusitu da Xilabaren lehen kanporaketan

Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Xilaba bertsolari txapelketa abiatu zen irailaren 24ean Donibane Lohizunen. Lehen kanporaketan, txapelketara itzuli den Amets Arzallus nagusitu zen.


Lehen kanporaketan, txapelketara itzuli den Amets Arzallus nagusitu zen.

Lehen kanporaketan, txapelketara itzuli den Amets Arzallus nagusitu zen.


Amets Arzallus nagusitu da Xilaba Bertsulari Txapelketaren lehen kanporaketan. Saioa, Donibane Lohizuneko Ravel aretoan jokatu da. Heldu den saioa urriaren 1ean, larunbatarekin, Muskildin iraganen da. Bertan, jakingo da nortzuk pasatzen diren finalaurrekoetara, eta zein saiotan kantatuko duen bakoitzak.

Lehen saioan, Miren Artetxek eta Ramuntxo Christyk bigarren eta hirugarren postua lortu dute. Jende andana bat bildu zen Xilabaren lehen saioan; 140 bertsozale hain zuzen. Garako artikuluak azaldu duenez, taula gainera igo ziren bertsolariak "urduri baina gogotsu" agertu ziren; "teknika menperatzen dutela agertuz, eta beren baitako arrazonamendu ederrak eskainiaz".

Saio arina izan zen, eta bertsolari guztiek utzi zituzten gogoan hartzeko aleak, artikuluak azaltzen duenez. Bukaeran, ordea, puntu diferentzia nabarmena Arzallusen alde; 399,5 punturekin nagusitu zen, eta ondotik Artetxe (363), Christy (331,5), Sasco (327), Zelaia (320,5) eta Diaz (301) sailkatu ziren.

Oroitarazi behar da aurtengo edizioak Mattin Treku omentzen duela. Xilabako Bertsulari Xapelketaren bigarren kanporaketa heldu den larunbatean ospatuko da Muskildiko Posonpesenean. Aitor Servier, Battitt Crouspeyre, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua, Ortzi Idoate, eta Xumai Murua bertsulariek parte hartuko dute.

Bigarren saioa 17:00ean hasiko da. Ohi bezala, sarrerak lekuan berean erosten ahalko dira.