Iurre BIDEGAIN

Didier Aguerre, "herriko semearen" aldeko kanpaina abian da

ZEN Didier Aguerre euskal presoaren aldeko sostengu taldeak kanpaina berri bat abiatuko du irailaren 25ean: "Didier, 15 urte preso. Aski da! Atera dezagun!". Donapaleun antolatuko duen manifestazioa abenduaren 30a arte iraunen duen ekimaren abiapuntua izanen da.

Didier Aguerren alde antolatutako ekimena. ©ZEN
Didier Aguerren alde antolatutako ekimena. ©ZEN

Didier Aguerre oztibartarra 2001ko irailaren 23az geroztik preso dago. 2006an beste hamalau kiderekin batera jujatu zuten. Epaileek, guztira, hogeita hemeretzi urteko kondena agindu zioten. Gaur egun Lannemezanen preso dago.

Manez Erdozaintzi ZEN (Zuek Etxean Nahiz) sostengu taldeko kideak azaldu duenez, hiru auzi izan ditu. "Auzi horien ondorioa da nahi eta nahiez hemezortzi urtez preso egon behar dela. Hau da, suposatzen da 2019an baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubidea izango duela", azaldu du kideak.

Aurten preso beteko dituen hamabost urte hauetan Aguerrek ez du denbora galdu. "Oso ondo dago; lanpetuta", erantsi du Erdozaintzik. Hain zuzen, euskal presoa ikasketetan murgilduta dago eta berriki lan hori esker sari bat lortu du. Didier Aguerrek AMAP egiturei buruzko master bat egin du eta Eusko Ikaskuntzak ikerkuntzarako laguntza eskaini dio.

ZEN sostengu taldea 1997az geroztik Didier Aguerren kasua jendarteratzeko eta bere aldeko elkartasuna biltzeko lanean ari da. Bada bost urte, oztibartarrak presondegian hamar urte bete zituelarik, kanpaina berezi bat antolatu zuen. Ildo horretatik, aurten "Didier, 15 urte preso. Aski da! Atera dezagun!" lemapean hainbat ekimen prestatuko du.

"Didier etxean nahi dugu, baita beste preso guziak ere. Lan egiten dugu jendartean islada izan dezan eta horretarako harremanetan sartzen gara eragile anitzekin", esplikatu du kideak. Bere aburuz, harreman hori bada hamar-hamabost urte pentsaezina zen. "Gaia minberatsua da", erantsi du. Hala nola, Amikuzeko gaztetxeko gazteriak "lekukoa hartu" duela kontatu du. "Gaztetxeko jendeak naturaltasunez parte hartzen du. Gisa berean, abertzalea ez den jendea ere hurbildu da. Aitzinamendu bat da", nabarmendu du.

Bost ekimen Didier Aguerren alde

Irailaren 25ean manifestazioa antolatuko du Donapaleuko karriketan. Ondotik, bazkari eta kantaldia eskainiko du. Halaber, urriaren 1ean Oztibarreko Gaztetxean 20.30etatik aitzina hainbat kontzertu prestatuko ditu.

Hilabeteko azken ostiralaren karietara, urriaren 28an, Larzabaleko itzulgunean elkarretaratze bat eginen du. Bertan Oztibarreko Gaztetxe ibiltariak animazioak prestatuko ditu. Azaroaren 10ean mintzaldi gaualdi bat iraganen da Lartzabalen. Ekimenean hiru lema jorratuko dituzte: elkartasuna, kondena luzeak eta presoak gaur egungo testuinguru politikoan.

Azkenik, abenduaren 30ean autobus bat antolatuko du Lannemezaneko presondegira. "Egun hori hautatu dugu sinbolikoki; urte bukaera delako eta erran nahi duelako Didier beste urte batez preso egon dela", zehaztu du Manez Erdozaintzik.

Ekimen horiekin ZEN taldeak Aguerren kasuari buruz "sentsibilizazio lan bat" burutu nahi du. "Didier aipatzen dugu herriko semea baita, baina ondoko ildoa euskal presoena da. Presoak izakiak dira eta izaki horiek eskubideak dituzte", azpimarratu du.