Kazeta

Helegitearen sinatzaileak ez dituzte Gidaritza batzordetik kanporatu

Elkargo bakarraren Gidaritza batzordeak helegitea izenpetu duten kideak taldetik ez kanporatzea erabaki du. Haatik, helegitea aurkeztu duten kide horiek ezingo dute ardurarik ukan komisioetan.

Baterak elkarretaratzea antolatu zuen irailaren 20ean Baionan. © Isabelle Miquelestorena
Baterak elkarretaratzea antolatu zuen irailaren 20ean Baionan. © Isabelle Miquelestorena

Helegitea aurkeztu duten kideei buruzko iritzi kontrajarriak entzun ziren elkargo bakarraren Gidaritza batzordearen azken bilkuran. Alde batetik hautetsi batzuen aburuz helegitea aurkeztea eta batzordeko kidea izatea ez dira bateraezinak. Hain zuzen Claude Olive, Michel Veunac eta Francis Gonzalez auzapezek iritzi hori sostengatu zuten. Bestalde Beñat Inchauspe, Daniel Olçomendi, Paul Baudry, Maider Behoteguy eta Alain Iriartek, sinatzaileek beren kabuz batzordetik ateratzeko erabakia hartu behar luketela uste dute.

Ordu bateko eztabaidaren ondotik, batzordeko kideek bozkatu zuten. Gehiengoak helegitea aurkeztu duten kideak batzordean egotea baina ardurarik ez izatearen alde agertu ziren. Emmanuel Alzuri, Michel Veunac, Claude Olive, Francis Gonzales, Jean-Pierre Laflaquière eta Guy Lafitek ez zuten bat egin bozka horrekin. Azpimarratzekoa da, Guy Lafite giza baliabideen erakundeko buru izatea aurreikusi zutela. Gisa berean, Emmanuel Alzurik gobernantzarena izan behar zukeen.

Jean-René Etchegarai Gidaritza batzordeko lehendakaria pozik agertu da erabakiarekin. Azken honek Hautetsien kontseilua ordezkatuko du irailaren 27an Pauen iraganen den auzian. Bertan epaileek, elkargo bakarraren kontra aurkeztutako helegitea aztertuko dute. "Egitasmoaren historia oroitaraztera joango naiz", erantsi du.

"Azpi jokoak aski! Euskal Herri elkargoa BAI"

Gidaritza batzordearen bilkura hasi baino lehen Batera plataformako ehun bat kide elkartu ziren Baionan. Militanteek helegitea aurkeztu dutenak batzordetik kanporatzea aldarrikatu zuten. Parte hartzaileek mezu argia zuten pankartak eutsi zituzten: "Azpi jokoak aski! Euskal Herri elkargoa BAI" eta "Gidaritza batzordean eraikitzeko bai, sabotajea egiteko ez!".

Horien artean, Baionako hautetsia den Christian Millet-Barbé eta Mehdi Ouraoui hautetsi sozialista ikus zitezkeen. Nicolas Blain Baterako bozeramailearen iduriko, Gidaritza batzordearen erabakia "gaitzerdi bat da".