Kazeta

EKE eta Zineuskadik hitzarmena izenpetu dute euskal zinemaren banaketa sustatzeko

Euskal Kultur Erakundeak eta Zineuskadi elkarteak hitzarmen bat izenpetu dute euskal zinema Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantses osoan hedatzeko. Heldu diren hilabeteetan Gorka Bilbaoren "Jai Alai Blues" dokumentala banatuko dute.

"Jai Alai Blues" dokumentalaren irudia.
"Jai Alai Blues" dokumentalaren irudia.

Azken bi urte hauetan euskal zinemaren banaketak arrakasta oso ona izan du Ipar Euskal Herrian. Hain zuzen, "Amama", "Lasa eta Zabala" eta "Asier eta Biok" filmek oihartzun ona lortu dute. Esperientzia horretan oinarriturik, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Zineuskadi elkarteari euskal zinemaren aldeko egitasmo garapen bat aurkeztu zion uda hasieran. Ildo horretatik, hitzarmen bat izenpetu dute euskal zinearen hedapena sustatzeko.

Akordioaren helburua "Ipar Euskal Herria hegoaldeko zinemaren industriaren segida natural gisa ziurtatzea da ekoiztetxeekin, nazioarteko saltzaileekin eta filmagintza alorreko gertakari handiekin". Ipar Euskal Herrian banatzeaz gain, Akitania Berrian zein Estatu frantses osoan banatzeko xedea dute.

Euskal zinemaren banaketak goranzko joera izan du azken urteetan Ipar Euskal Herrian. Asier Altunaren "Amama" filma hogeita sei geletan eskaini dute; 300 emanaldi baino gehiago izan dira. Gisa berean, "Lasa eta Zabala" hamar zine geletan eskaini dute; horietako hogei Akitaniako eskualdean. Aitor Merinoren "Asier eta Biok" filmaren berrogeita hamar emanaldi izan dira.

"Hiru film horien arrakastak lurraldeko zinema jabeen elkar aditzea indartzeko, gelen artean filmen ibiltzea optimizatzeko, pantailetan egonen direla segurtatzeko eta filmen inguruko animazioaren koordinatzeko parada eman du", nabarmendu du EKEk.

Heldu den hilabeteetan "Jai Alai Blues" dokumentala banatuko dute. Zine gelekin eta pilotako adituekin lehen eztabaida gaualdiak prestatu dituzte; adibidez Donapaleun. Urtean zehar hiru filma banatzeko helburua lortu nahiko lukete.