Iurre BIDEGAIN

Jean Haritschelhar Katedra, bere izpiritua mugaz gaindi hedatzeko

Etxepare Euskal Institutuak eta Bordeleko Montaigne Unibertsitateak hitzarmen bat izenpetu dute Jean Haritschelhar Katedra sortzeko. 2017ko udaberrian abiatuko den egitasmoa
k baigorriarraren izpirituaren ildotik euskal ikasketak sustatzea du helburu.

Hélène Vélasco-Graciet Bordeleko Montaigne Unibertsitateko lehendakaria eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria. ©Etxepare Euskal Institutua
Hélène Vélasco-Graciet Bordeleko Montaigne Unibertsitateko lehendakaria eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria. ©Etxepare Euskal Institutua

Jean Haritschelhar Katedra baigorriarrari egin dioten omenaldia da, duda izpirik gabe. Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren aburuz, "Haritschelharrek merezi zuen". "Omenaldia eginen diogu lan eginez, ikerketak sustatuz, bere izpiritua hobetsiz".

Etxepare Euskal Institutuak eta Bordeleko Montaigne Unibertsitateak izenpetutako hitzarmenari esker gradu ondoko mailako irakaskuntza eta jarduera sustatuko dituzte. Horretarako, hizkuntza eta literaturarekin lotutako nazioarteko adituak gonbidatuko dituzte.

Hain zuzen, Olaziregik aipatu duenez, mintegi bat eskainiko dute École Doctorale deituriko baitan eta horretaz gain mugaz gaindiko ildoari jarraituko diote. "Haritschelharren izaera biografikoaren ezaugarrietako bat mugaz gaindikotasuna zen. Ildo horretatik, Euskal Herriko Unibertsitatean ere mintegi bat eskainiko dugu", kontatu du zuzendariak.

Mari Jose Olaziregik Bordeleko Unibertsitatean katedruna izan zena "euskaldun peto-petoa" bezala definitu du; "entzuten zekiena". 2013ko irailaren 1ean zendu zenean Olaziregik berari zuzendutako Katedra bat sortu behar zela argi zuen. "Asko miresten nuen", erantsi du. Gainera, azpimarratzekoa da lehenengo euskara katedra Bordeleko Montaigne Unibertsitatean sortu zela, René Lafonena hain zuzen.

Lehen aditua, ezezaguna

"Harremanetan sartu nintzen Bordeleko Unibertsitateko euskal irakasleekin: Aurelia Arkotxa eta Jon Cazeneuve. Poliki-poliki katedrak izango dituen oinarriak eta heldu nahi dituen helburuak definitu ditugu", azaldu du zuzendariak.

Egitasmo horren xedea Unibertsitate mailako euskal hizkuntza eta literatura ikerketak arlo ezberdinetan sustatzea da; mugaz gaindiko Unibertsitateak engaiatuz. Halaber, Katedrak euskal ikerketak mundura hedatu eta ezagutarazteko parada eskaintzen du. "Oso aberasgarria da ikasleentzat baita guretzat ere. Adituekin solasaldiak sortzen dira eta bide batez euskal ikerketak balioan jartzen ditugu", gehitu du.

Olaziregik erran duenez, Katedran parte hartuko duten adituen izenak batzordeak hautatu ditu. Aukera horretatik urtero planteatuko den programazioa finkatuko du. Nahiz eta lehen gonbidatua adostua den Institutuak ezin du plazaratu.

Etxepare Euskal Institutuak nazioartean zazpi Katedra zabalik ditu; Haritschelharrena zortzigarrena izango da. 2011az geroztik Chicagon, New Yorken, Frankfurten eta Liverpoolen egitasmoak abiatu ditu, besteak beste. Gisa horretan, euskal ikerlariek nazioarte mailan graduondoko irakaskuntza eta ikerketak burutzen ahal dituzte.