Kazeta

Hendaiako eskolako burasoak mobilizatu dira segurtasun gehiago aldarrikatzeko

Hendaiako eskola publikoa eta ikastola bateratzeko obrak burutzen ari dira. Eskolako burasoek segurtasun gehiago aldarrikatzeko mobilizatu dira irailaren 19an.

Kotte Ecenarro auzapezak goizeko 08.00etan burasoak errezibitu ditu. ©Euskal Irratiak
Kotte Ecenarro auzapezak goizeko 08.00etan burasoak errezibitu ditu. ©Euskal Irratiak

Hendaiako ikastolako ikasleak eskola publikoko geletan sartzeko, obrak burutzen ari dira. 2017eko irailean sartu beharko lirateke. Eskolako burasoek beren haurrentzat segurtasun gehiago aldarrikatzen dute. Ildo horretatik, manifestazio bat burutu dute eta herriko etxera sartu dira irailaren 19an. Kotte Ecenarro auzapezak errezibitu ditu; laurden bat beranduago herriko etxetik atera dira.

Eskolako burasoek lanak eskolako orduetan ez burutzea eskatu dute elgarretaratzean. Eskolako zuzendariak azaldu duenez, gelak "erdi hutsik" gelditu dira, ikasleek ere mobilizazioan parte hartu dutelako. Hain zuzen, gazteek "école en chantier, élèves en danger" ("eskola lanetan, ikasleak arriskuan") pankartak eutsi dituzte.

Hendaiako burasoek epaitegitara jotzea erabaki zuten eraikin berean ikastola jartzeko xedearekin kezkaturik. Administrazio Auzitegiak ez zien prozedura onartu, eskaeraren zilegitasuna zalantzan jarri baitzuen. Hain zuzen, burasoek hainbat dokumentu eskatu zituzten, hala nola, obren planoak, eskaintza deialdiei buruzko dokumentuak... Auzitegiak informazio hori eskatzeko arraizoirik ez zegoela erabaki zuen.