Kazeta

Bayonne Ville Ouverteko hautetsiek Canopia hondakindegiaren sutea salatu dute

Baionako Herriko Etxeko oposizio taldeak Canopia hondakindegiko suteari buruzko hainbat galdera pausatu ditu. Proiektuaren elementu "hauskorrek" duten arriskuak oroitarazi ditu.

Goizeko 03.00etan sua piztu zen Canopia hondakindegian. ©Isabelle Miquelestorena
Goizeko 03.00etan sua piztu zen Canopia hondakindegian. ©Isabelle Miquelestorena

Iragan irailaren 16an Baionako Canopia hondakindegian sute bat piztu zen, horren eraginez eraikineko 1.500 metro karratu erre ziren. Herriko Etxeko oposizioko taldea den Bayonne Ville Ouverteko hautetsiek gertakariari buruzko hainbat galdera pausatu dituzte agiri batean. Suhiltzaileen "eraginkortasuna eta azkartasuna" eskertu dute. Halaber, istripua dela eta biktimik ez izateaz poztu dira.

Canopia hondakindegiaren sutearen arrazoiak argitzeko ikerketa bat abian da. Oposizioko taldearen aburuz guneko ekipamendu berria dela jakinik, galdera "serios" batzuk pausatu dituzte. Ezkerreko alderdiko hautetsiek 2009an proiektuaren elementu "hauskorretaz" eta horiek zuten arriskuetaz abisatu zutela nabarmendu dute.

Hala nola, hondakindegiaren kokapena arriskutsua dela, hots, etxebizitzetaz inguratua dela azpimarratu dute. Halaber, funtzionamenduarentzat hautatu teknologiak ere zalantzan eman dituzte. 2014ean zaintza sistema independente bat plantan ezartzea proposatu zutela oroitarazi dute.

Bayonne Ville Ouverteko hautetsiek Bil Ta Garbi sindikatuak eta Herriko Etxeak gertakariei buruzko informazioa argitzea aldarrikatu dute.