Kazeta

Sua piztu da Canopia hondakindegian

Goizeko 03.00ak aldera sutea piztu da Baionako Canopia hondakindegian irailaren 16an. Orotara, hondakinak balioztatzeko guneko 1.500 metro karratu erre dira.

Goizeko 03.00etan sua piztu da Canopia hondakindegian. ©Isabelle Miquelestorena
Goizeko 03.00etan sua piztu da Canopia hondakindegian. ©Isabelle Miquelestorena

Canopia hondakinen balioztatzeko gunean sua piztu da irailaren 16an; goizeko 03.00etan. Hondakindegiko zaintzaileak suhiltzaileak abisatu ditu, Euskal Irratiek baieztatu dutenez. Orotara, 52 suhiltzaile eremura hurbildu dira eta 08.00ak arte sua itzaltzen egon dira. Sutearen jatorria mementoz ezezaguna da.

Sutea hondakinak balioztatzeko gune batean piztu da. Eremuko 1.500 metro karratu erre dira. Baionako auzapeza den Jean-René Etchegaray hondakindegira hurbildu da, baita Catherine Séguin Baionako suprefeta eta Martin Bisauta Bil ta Garbiko lehendakaria ere.

Bisautak "harritua" dagoela aitortu du. Suhiltzaileen lana eskertu du. Gunea konpontzeko "hilabeteak" beharko direla erantsi du. Halaber, ura kutsatua ez dagoela eta erre ez den guneko beste zatia lanean segituko duela jakinarazi du.