Iurre BIDEGAIN

Etxepare lizeoa Akademia Ikuskaritzaren aitzinean baliabideak aldarrikatzeko

Etxepare lizeoko ikasle, irakasle eta burasoek elkarretaratze bat antolatu zuten irailaren 13an Baionako Akademia Ikuskaritzaren aitzinean. Bigarren mailako ikasleen kopurua emendatu denez, baliabide gehigarriak eskatu dizkiote Hezkuntza Ministeritzari laugarren gela bat irekitzeko.

Ikasleek Akademia ikuskaritzaren aitzinean bazkaldu zuten. ©Isabelle Miquelestorena
Ikasleek Akademia ikuskaritzaren aitzinean bazkaldu zuten. ©Isabelle Miquelestorena

Bernat Etxepare lizeoko ikasle guziak, irakasle eta burasoekin batera, Baionako Akademia Ikuskaritzaren aitzinean bildu ziren irailaren 13an. Ikasleek bazkaria ekarri eta bertan beren aldarrikapena entzunaraztea erabaki zuten. Hain zuzen, mobilizazioan parte hartu zutenek 2. mailan kalitatezko hezkuntza bat bermatzeko baliabide gehigarriak eskatu dituzte. Ikasturtearen lehen egunean ere xede berdina zuen ekimena antolatu zuten lizeoan.

Mobilizazioaren bukaeran ikuskaritzaren atea jo zuten. Jeff Mateo Seaskako burasoen elkarteko lehendakariak azaldu duenez, lehen mailaz arduratzen den ikuskari batek errezibitu zituen. Horrek errandakoa entzun eta "lekukoa pasaraziko duela" jakinarazi zien.

Iaz, lizeoan 73 ikasle zeuden bigarren mailan; aurten ordea 106 dira. Otsailean ikasturte berriaren aurreikuspenak egin zirenean lizeoak hogei-hogeita hamar ikasle gehiago izango zituela abisatu zuen. Kopurua ikusita ikasturtea lau gelekin programatu zuten.

Ikasturte berria hasi eta Hezkuntza Ministeritzak soilik hiru gela onartu ditu. "Ez gaituzte entzun. Erran digute ez garela beren lehentasuna", nabarmendu du Mateok. Ordu eskasak direla eta, ezin dituzte ikasgai batzuen ikasle kopurua bitan zatitu. Arazoari aurre egiteko lizeoak 15,5 ordu gehigarri aldarrikatu ditu.

"Gogor segituko"

Haatik, lehendakariak azaldu duenez, ikasleak lau geletan banatu dituzte. "Gela horiek kurtso batzuk gutiago dituzte. Irakasle batzuk egiten dituzte, urririk. Horrela segitzen bada berdin burasoak etorriko dira klase ematera; atzemanen dugu medio bat. Lau gela izanen ditugu eta atxikiko ditugu", azpimarratu du.

Seaska elkarteak Etxepare lizeoaren aldarrikapenarekin bat egin du. Sostengu gehiago biltzeko xedez Euskararen Erakunde Publikoarekin bilkura bat eskatu dute, Mateok aipatu duenez. "Elkartasuna baliatuko dugu. Ez badugu deus lortzen, gogor segituko dugu", erantsi du.