Kazeta

Helegite berri bat aurkeztu dute elkargo bakarraren kontra

Hautetsiek, gizarte zibileko eragileek eta enpresa buruek sortu elkarte berri batek helegite bat aurkeztu zuen irailaren 9an elkargo bakarraren kontra. Aldi honetan 2017an plantan ezarriko duten instituzioarentzat hautatu tresna administratiboaren kontra jo dute.

mmanuel Alzuri, Bidarteko auzapeza. ©Isabelle Miquelestorena
mmanuel Alzuri, Bidarteko auzapeza. ©Isabelle Miquelestorena

Sortu berri den elkarte batek elkargo bakarraren kontrako helegitea aurkeztu zuen irailaren 9an. Hautetsi, gizarte zibileko eragile eta enpresa buruez osaturiko taldeak 2017ko urtarrilean plantan ezarriko den instituzioaren kontra jo du, Sud Ouest egunkariak azaldu duenez. Aldi honetan elkargo bakarrarentzat hautatu tresna administratiboa zalantzan ematen dute.

Auzibidea abiatu duen taldeak elkargo bakarraren kontra zeuden auzapezen kolektiboaren segida hartu du, komunikabide berdinak esplikatu duenez. Elkartea ofizialki sortu dute ; Gérard Bidegain Garruzeko auzapeza elkarteko lehendakaria da eta Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapeza bozeramailea da.

Aipatu auzapezen kolektiboak helegite hierarkiko bat aurkeztu zuen maiatzean. Hirurogei bat hautetsik izenpetu helegiteak elkargo bakarraren perimetroa zalantzan ematen zuen. Uztaila hasieran Bernard Cazeneuve Barne Ministroak helegitea ezeztatzea erabaki zuen.

Egunkarian Alzurik aipatu duenez epaileei prefekturaren erabakia eta egitasmoa geldiaraztea galdetzen diete. Ildo horretatik, aterabide alternatiboak kontutan izatea eskatzen diete. Hain zuzen "B plana" ikertzea galdegiten dute; orain arte prefetak ukatu eskakizuna.

Oroitarazi behar da Bidarteko auzapeza gidaritza batzordeko kidea dela. Taldea herriarteko lankidetzako erakunde publikoaren (HELEP) egituraketa lantzeko abuztu bukaeran lanean hasi zen. Nahiz eta helegite berria aurkeztu duten, batzordeak lanean segituko du auzitegi administratiboaren erabakia jaso bitartean.