Kazeta

Hoztako herria arrabestentzat prest

Hoztako herriak arrabestak ospatuko ditu irailaren 9tik 11ra bitarte. Asteburuan zehar gisa anitzetako ekimenak proposatuko dituzte, hitzaldiak eta ikusgarriak tartean.

Asier Altunaren "Amama" filma eskainiko dute arrabestetan.
Asier Altunaren "Amama" filma eskainiko dute arrabestetan.

Heldu den irailaren 9an Hoztako arrabestak iraganen dira Oztibarreko herrian. Egitarau koloretsuak adin guzientzat zuzendutako ekimenak proposatuko ditu asteburuan zehar. Igandera arte, hitzaldi batek, musika eta kirol emanaldiek programa osatuko dute, besteak beste.

Ostiralean, gaueko 20:30etan, hitzordua herriko etxean finkatu dute arrabestei irekiera ofiziala emateko. Ordu erdi lehenago, Xarles Bidegainek Oztibarreri buruzko mintzaldia eskainiko du "Haize pikatzen ari: Oztibarreko hitzak eta gauzak" lelopean.

Biharamunean, 19:30etatik goiti, egitaraua hasiko da. Hain zuzen, 21:00etan "Amama" filma eskainiko dute eta bi ordu inguru beranduago Asier Altuna filmaren zuzendariarekin solasaldi bat proposatuko dute. Azken horrek hainbeste arrakasta bildu dituen ekoizpenaren gakoak azalduko ditu.

Igandean egun osoko programa proposatuko dute, goizean-goizetik. 09:30etan merkatu bat antolatuko dute ganer hustearen zabaltzearekin batera. Alex Artzelusen esku soinuetaz gain, 11.00etan Berzaitz anaiek giroa alaituko dute plazan.

Eguerdian, 14.00etan, Hastapen Oztibarreko musika taldearen kontzertuaz gozatzeko parada eskainiko dute. Ondotik, Iñaki Perurenaren ikusgarria izanen da Ilargi Arrantza txotxongilo emanaldia baino lehen. Arrabestak soka-tira desafio eta kontzertu batekin amaituko dira.