Iurre BIDEGAIN

Kalitatezko hezkuntza ziurtatzeko ahal eskasiak salatu ditu Etxepare lizeoak

Aurtengo ikasturteko 2.mailako ikasleen kopurua emendatu denez, Baionako Bernat Etxepare lizeoak Hezkuntza Ministeritzari ahalmen gehigarriak eskatu dizkio. Azken horrek eskaera ukatu dio. Ikasle eta irakasleek aldarrikapenak ozen entzunarazi dituzte irailaren 1ean antolatu duten mobilizazioan.

Irailaren 1ean antolatu duten mobilizazioaren irudia. ©Euskal Irratiak
Irailaren 1ean antolatu duten mobilizazioaren irudia. ©Euskal Irratiak

Baionako Bernat Etxepareko lizeoko ikasleek ikasturtea aldarrikapen giroan hasi dute. Ekainean Baxoa euskaraz pasatzeko eskakizunarekin agur erraten bazuten, irailan beste gisa bateko aldarrikapenarekin itzuli dira. Hots, lizeoak Hezkuntza Ministeritzari kalitatezko hezkuntza bat ziurtatzeko ahalmen gehigarriak eskatu dizkio; azken horrek "ahoz" ukatu dizkio.

Aurten, lizeoan 106 ikasle dira bigarren mailan; iaz, ordea, 73 ikasle ziren, Helène Charitton Bernat Etxepareko zuzendariak azaldu duenez. "Marka hori gainditu dugunez, bigarrenean lau dibisio ukan beharko genituzke. Hezkunde Nazionalak aurreikusitako kopuruetan hiru baizik ez dizkigu onartu", azaldu du.

Orotara, euskal ikastetxeak 15,5 ordu gehigarri eskatu ditu hainbat ikasgaien ikasle kopurua bitan zatitzeko. Hala nola, fisika-kimika eta biologiako lan praktikoak eta ingelesa hirugarren hizkuntzako klaseak. "Neurri gehigarriak eskatu ditugu lau geletan klaseak ongi gauzatzeko. Ahoz erantzun digute, eta ukapena gutunez igorriko digute. Erran dutenez, dituzten ordu gehigarrietan ez gara beren lehentasunetan sartzen", nabarmendu du.

Burasoen eta Seaskaren sostengua


Neurri gehigarri horien ukapenak ikasleen hezkuntzan eraginak izango ditu. Zuzendariak azaldu duenez, "biologia eta fisikako lan praktikoetan hogei ikasle izan beharko ziren; gaur egun 26 dira". "Gisa berean, ingelesean 25eko muga dago, guk gela batean 35 ikasle ditugu. Gainera, herritar heziketa eta laguntza pertsonifikatua ezin ditugu ziurtatu", gehitu du.

Zuzendariak erran duenez, ikasleei gaia geletan aipatuko diete. Burasoek ere lizeoari euren sostengua erakutsi diote. "Ez badugu erantzun baikorrik jasotzen, heldu den astean burasoak biltzar nagusi batera deituko ditugu", iragarri du. Seaskak ere elkartasuna erakutsi dio. Helène Charittonen aburuz "errektoretzarekin harremanetan ezarri da"; "badirudi txostena berriz begiratuko dutela", azaldu du.

Oroitarazi behar da, aldarrikapenei aurre egiteaz gain, Bernat Etxepare lizeoak beste xantier batzuk bidean dituela. Horien artean, 2017ko ikasturtean ateak ireki beharko lituzkeen lizeo berria.