Kazeta

Biper Eztiak ezagupen ofiziala lortu du

Ipar Euskal Herriko eta Seignanxeko Biper Eztiak Label Gorria ezagupena lortu berri du.

Biper Eztiaren sindikatuko kideak konten agertu dira ezagupenaz. © Bob Edme
Biper Eztiaren sindikatuko kideak konten agertu dira ezagupenaz. © Bob Edme

Seignanx eskualdeko eta Ipar Euskal Herriko Biper Eztiak Label Gorria erdietsi du. 2002an abiatutako ibilbidea saritu du, horrela INAO jatorri izendapenaren institutuak.

Duela 14 urte, hamar bat ekoizlek Biper Eztiaren babeserako sindikatua sortu zuten. Bi urte berantago Biper Eztia marka agertu zen. Gaur egun, 16 baratzezainek parte hartzen dute abentura horretan, batez ere, Baiona eta Seignanx ingurukoak.

Haien helburuak tokiko biperra eta aniztasuna biziaraztea eta horien kontsumoa bultzatzea dira. Errobi, Aturri eta Errekaldea biper motak, adibidez, hemengo errezeta anitzetan aurkitzen dira: piperrada, biper omeleta, axoa eta marmitakoan.

Horretaz gain, biper eztia jatorrizko lurretatik haratago eraman gogo dute baratzezainek, beti ere, kalitatea eta freskotasuna babestuz, nahiz eta labela, Euskal Herriko eta Seignanxeko ekoizleek baizik ez duten erabiltzen ahal.

Lan Berri kooperatibako animatzaile eta ekimenaren laguntzaile Daniel Harotzarenek zehaztu du: "barne araudiak ekoizpen industrialaren kontrako izpiritua eta neurri tipiko lan eremuak bultzatzen ditu". Bi ekoizle baizik ez dira biologikoan mementoko, baina beste batzuek gisa bereko teknikak erabiltzen dituztela baieztatu du.

Label Gorriaren ondotik, IGP adierazle geografiko babestua galdegiten ahalko lukete, baina oraindik ez dute erabakia hartu.