Kazeta

Urrearekin itzuliko da Maialen Chourraut

Riotik Euskal Herrira urrearekin itzuliko den lehen kirolaria da Maialen Chourraut kayaklaria. Jauste bikaina egin zuen ostegunean, Whitewater Stadiumeko kanalean.

Maialen Chourrautek bere betiko ametsa bete du. (@MChourraut)
Maialen Chourrautek bere betiko ametsa bete du. (@MChourraut)

Londres 2012ko Joko Olinpikoetan brontzezko domina lorturik finkatu zuen marka hobetzea lortu du Maialen Chourrautek, K1 modalitatean gailendu baita kayaklari lasartearra. Joko Olinpikoetan bakarka urrezko domina lortzen duen lehen euskal emakumea da Chourraut.

Urte biziki ona iragan ondoren, Deodoroko Whitewater Stadiumean jokatu den finalean maisuki gailendu da lasartearra. 98.65 segunduan jaitsiera egin du. Haren atzetik sailkatu dira Luuka Jones zeelandaberritarra (101.82) eta Londresen zilarrezko domina lortu zuen Jessica Fox australiarra (102.49).

Finalerdietan hirugarren denborarik onena eginda lortu du finalera igarotzea, 101.83ko denbora eginda, Corinna Khunle austriarrak (101.54) eta Fiona Pennie britainarrak (101.81) bakarrik gaindituta. Orain, Pauen 2017an izanen den Munduko kayak txapelketarako prestatuko da.