Iurre BIDEGAIN

Artzain txakur lehiaketa antolatu dute Urruñan

Lehen aldiz, artzain txakur txapelketa bat izanen da Urruñan, abuztuaren 14ean. Ikastolako burasoek antolatuko duten ekimenean Baxe Nafarroako eta Lapurdiko parte hartzaile profesionalak lehiatuko dira.

Ekimena arratsaldeko 18.00etan hasiko da.
Ekimena arratsaldeko 18.00etan hasiko da.

Urtero bezala, Urruñako ikastolako burasoen elkarteak ekimen bat antolatuko du. Orain arte, "Behi Kaka Bingo" ekimena proposatzen zuen. Hots, pentzea laukitan zatitu ondoren, behiak kaka egiten zuen laukiari dagokion zenbakia duenak irabazten zuen. Aurten, nahiz eta ohikoagoa den lehiaketa proposatuko duen, lehen aldia izanen da artzain txakur txapelketa bat antolatzen dela Urruñan.

Burasoen elkarteko kide den Maritxu Larzabalek esplikatu duenez, Urruña inguruan arrakasta handiko ekimena da eta herrira ekarraraztea pentsatu zuten. "Natura eta animalien errespetua islatzen du. Gainera, hemengo usaia eta tradizioen erakusleihoa da eta gure haurrei hori irakatsi nahi diegu", esplikatu du.

Arratsaldeko 18.00etan, Urruñako kirol zelaiaren gibelean hamar bat artzain elkartuko dira. Desafioen bidez maisuen teknikak, estrategiak, hitzak eta txistuak erakutsiko dituzte. Baxe Nafarroako artzainetaz gain, burasoen elkarteko kide batek bere animaliekin parte hartuko du. "Barnekaldekoen eta kostaldekoen arteko desafio polita izanen da", erantsi du.

Urruñako herritarrek epaimahaia osatuko dutela esplikatu du Larzabalek. Denbora berean, antolatzaileek edatekoa eta jatekoa proposatuko dute.