Kazeta

Garaziko bestak, anitzak eta parte hartzaileagoak

Donibane Garaziko bestak heldu den abuztuaren 12an hasiko dira. Aurten ere, iragan urteko ildoari segituz, Besten komiteak ospakizunen izpiritua berritu nahi du programan hainbat aldaketa burutuz.

Donibane Garaziko bestak abuztuaren 12an abiatuko dira. ©Gaizka Iroz
Donibane Garaziko bestak abuztuaren 12an abiatuko dira. ©Gaizka Iroz

Heldu den abuztuaren 12an Donibane Garaziko bestak abiatuko dira 15ean bukatzeko. Urteetan zehar hiru eguneko ospakizunek hainbat eraldaketa ezagutu dituzte, batez ere iragan urtean. Besta komiteak ordurarteko izpiritua aldatu eta berritasunak egin nahi izan zituen egitarauan. Aurten ere, prezioen politikaz gain, lehentasunak ere aldatu ditu aberatsagoak baina kostu apalagoa suposatzen duten bestak antolatuz.

Iragan urtean, Garaziko Besten komiteak talde ospetsu bat ekarraraziz apustu bat egin nahi izan zuen. Betagarrik bere azken diskoa Merkatu estalian aurkeztu zuen, hain zuzen. Aurten, kontzertu bakarra eskaini ordez, hiru taldek beren musika taula gainera eramanen dute. Gainera, Besta komiteak beste egunetan ere ekimenak antolatuko ditu.

Kontzertuak ez dira Herriko Etxean iraganen, baizik eta Lucia etorbidean, Mayorga kolegiotik hurbil. "Zaila zen bidea moztea eta gainera arriskuak hartzen genituen segurtasun mailan", azaldu du Iban Stepienek “Mediabask l’hebdo”ari eskainitako elkarrizketan.

Aurtengo besta programarekin, gazteek geroz eta pertsona gehiagoren gustuak asetzea nahi dituzte. "Ez ditugu musika taldeak hautatu irizpide bereziengatik; denek gustukoak izatea nahi dugu" azaldu du. Halaber, musika estiloak anitzak izatea entseatu dira. Hala, garaztarrek 2Zio taldearen rap doinuetaz gain, Niña eta Coyote eta Chica Tornadoren rock metalaz eta Niko Etxarten rockaz gozatzen ahalko dute. Halaber, Doctor Mephistok ere rock blues doinuak eskainiko ditu.

Iragan urtean bezala, aurten Besten komiteak abuztuaren 14ean, Merkatu estalian, elkarteen eguna antolatuko du. "Garaziko bestak beti ongi dira, baina komitearen lana indartzea erabaki dugu. Orain arte ospakizunak ostatuko bestak bezala ezagutuak ziren, izpiritu horretaz urrundu nahi izan gara", nabarmendu zuen iragan urtean Kamila Harluxet Gratienek komiteko kideak.

Prezio politikaren aldaketa

Aurten, komiteak igandeko programazioaz arduratzeko engaiamendua hartu du. Gainera, egun horren irabaziak herrian presente diren elkarteei bideratuko dizkio, hots, Garaziko Gaztetxea, Street Art, Avenir Garazi, Bizi Barnekalde, Aek Garazi-Baigorri, Garazikus, Us Nafarroa eta Garazt'Art elkarteari. Bakoitzak erakusmahai bat ukanen du informazioa plazaratzeko, baita jatekoa eta edatekoa saltzeko ere.

Beste aldaketa garrantzitsu bat prezioen politika da. Aurtengo kontzertuen sarrera 5 eurotan salgai izanen da; aurreko urtekoa 10 eurotan zegoen. Gainera, igandeko ekimenaren sarrera urririk izango da. "Ez dugu prezio altu bat finkatzeko beharra, eta horrela pentsatzen dugu jende gehiago erakartzen ahal dugula", erantsi du Stepienek.