Kazeta

Gaixorik dagoen Aitzol Gogorza presoak gose greba abiatu du

Larriki gaixorik dagoen Aitzol Gogorzaren abokatuek abuztuaren 6az geroztik presoa gose greban dagoela baieztatu diote Etxerat elkarteari. Euskal presoak bere askatasuna aldarrikatzen du.

Aitzol Gogorza eta gaixorik dauden euskal presoen askatasuna aldarrikatu zuen ekimenaren irudia. (ARGAZKI PRESS)
Aitzol Gogorza eta gaixorik dauden euskal presoen askatasuna aldarrikatu zuen ekimenaren irudia. (ARGAZKI PRESS)

Aitzol Gogorza larriki eri den euskal presoa bada lau egun gose greban dagoela. Basauriko kartzelatik atera dezaten abiatu du mobilizazioa; "egungo legediak gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan adierazten duena bete dadin" eskatzen du fermuki. Etxeratek protestaldiak Gogorzaren osasunean eragin dezakeen kaltearengatik bere kezka adierazi du.

Etxeratek azaldu duenez, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuak 2014ean plazaratutako txosten baten arabera, Gogorzak "eboluzio kronikoa eta ezgaitasunezko Obsesio Konbultsio Desoreka du. Horri lotutako Desoreka Depresiboa ere badu, autolisi arriskuarekin (bere buruaz beste egiteko ideia)", erantsi du. Eritasuna dela eta, euskal presoa behin baino gehiagotan ospitaleratu dute.

Aitzol Gogorzari hogei urteko kondena agindu zioten eta orain arte hamazazpi urte bete ditu kartzelan. Elkarteak esplikatu duenez, ohiko baimenak eskatu ditu, baina ukatu dizkiote. Ezeztapenaren aitzinean bere abokatuek helegiteak aurkeztu dituzte Kartzela Zaintzako epailearen aitzinean.

"Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna ukatzea dispertsio politikaren salbuespen neurrietako bat dela, eta horrekin, presoen osasun eskubidea urratu eta haien senide eta lagunen oinazea areagotzen duela", oroitarazi du Etxeratek.