Kazeta

Sarrikotapeko sutea, antza denez, berotasunarengatik piztu zen

Hondakin idorrak eta udako tenperatura beroek sute bat piztea eragin dezakete. Abuztuaren 6ko gauean Sarrikotapeko Mendixka hondakinak tratatzeko sutea beroak piztu zuen, antza denez.


Iragan urteko uztailean beste sute bat izan zen Mendixkan. DR
Iragan urteko uztailean beste sute bat izan zen Mendixkan. DR

Larunbat eta igande artean sute bat izan zen Sarrikotapeko Mendixka hondakinak tratatzeko zentroan. Zabortegiko 700 metro koadro erre dira, eta itzaltzeko 83 suhiltzaile behar izan ziren. Bil ta Garbik kudeatzen duen guneak irekita jarraitzen du, baina birziklatu ezin diren hondakin guztiak beste gune batzuetara eramaten ari dira oraingoz, Garako artikuluak azaldu duenez.

Iluntzeko 19:10ean kamera bidezko zaintza sistemak alarma jo zuen. Maule, Oloroe eta Mourenxeko suhiltzaileak bertaratu ziren berehala, eta igande eguerdi aldera lortu zuten azkenik sua itzaltzea, lurrez estaliz. Zantzu guztien arabera, beroak eragin zuen sua; hala ere, Mauleko jendarmeria ikerketa gauzatzen ari da.

Suteak eragindako ke zutabea Maulera pusatu zuen haizeak. Adituek biztanleen osasunarentzat ez dela arriskurik izan esan dute.

Beste bat iaz

2015eko uztailean beste sute bat izan zen Mendixkan. Bil ta Garbiren esanetan, horrelako gune batek duen arriskurik handiena hori da. Birziklagaiak eta konpostagaiak behin erretiratuta, hondakin lehorrak gelditzen dira, eta beroarekin horrelakoak gertatzea ez da arraroa.