Kazeta

Hendaiako eskola publikoko burasoen eskaera atzera bota du auzitegiak

Ikastola haien haurren eraikin berean instalatzearen kontra agertu diren Hendaiako burasoek informazio gehigarria galdegin zuten Administrazio Auzitegian. Azken horrek ez die arrazoi eman.

Azken hilabeteetako eskola publikoko burasoen ekimenen aitzinean lasai dela aitortu du Kotte Ecenarro.
Azken hilabeteetako eskola publikoko burasoen ekimenen aitzinean lasai dela aitortu du Kotte Ecenarro.

Hendaiako hiri erdiko eskola publikoko burasoek epaitegietara jo zuten duela aste zenbait, eraikin berean ikastola jartzeko xedearekin kezkaturik. Abuztuaren 4ean, aldiz, Administrazio Auzitegiak abiatutako prozedura ez zien onartu, eskaeraren zilegitasuna zalantza jartzen baitzuen.

Egitasmoari kontra egiteko behar zituzten dokumentuak galdegin zituzten berehalako auzi prozedura baten bidez. "Obren planoak, ikastolak izanen duen kokapena eta eskaintza deialdiei buruzko dokumentuak nahi zituzten", azaldu du Kotte Ecenarro auzapezak.

Administrazio auzitegiak ez dela informazio horiek eskatzeko arrazoinik erabaki du. Hendaiako auzapezak 2016ko maiatzaren 9an obren egiteko maneraren planoa helarazi zienez, burasoen galde berria ez zela oinarritua uste dute epaileek.

Helegitea eginez gero, Kasazio Gorteak berriz aztertzen ahalko luke eskaria, baina Kotte Ecenarro ez da horren beldur: "Gure proiektua ongi eta jende anitzen artean landu dugula eta hiri erdigunearen berrantolaketan berezia dela uste dugu".

Zaharberritze obrek 1,6 milioi euroko kostua dute. Hogei eta bat ikasgela sortzeko balioko du, horietarik 12 eskola publikoarentzat, 9 ikastolarentzat.