Kazeta

Berdinketa markagailuan Seaskaren aldeko futbol partidan

Osasuna eta Bordeleko Girondins taldeek futbol partida bat jokatu zuten abuztuaren 6ean Donibane Lohizunen. Seaskaren aldeko ekimenean, bi taldeek gol bana markatu zuten.

Osasunako jokalariek partiduaren lehen gola sartu zuten. ©Isabelle Miquelestorena
Osasunako jokalariek partiduaren lehen gola sartu zuten. ©Isabelle Miquelestorena

Beste urte batez, Seaskak kirol ekimen bat antolatu zuen futboleko talde ospetsuekin. Aurten, Osasuna eta Bordeleko Girondins taldeak lehiatu dira. Azkenean, markagailua 1-1 emaitzarekin gelditu zen jende andana bat bildu zuen partidan.

Irabaziak Seaskak heldu den ikasturtean idekiko duen lizeo berriko materiala erosteko bideratuko dira. Antolatzaileak oso pozik agertu dira ekimenaren arrakastarekin. Euskal Herri osotik etorritako jendea Donibane Lohizuneko Pavillon Bleu futbol zelaian elkartu zen.

Osasunako jokalariek partiduaren lehen gola sartu zuten, Imanol Garcíak hain zuzen. Bordelekoek berdinketa lortu zuten Guilberten golari esker. Partiduaren 51. minutuan Fausto jokalari nafarra kanporatu zuten. Iruñeko taldeak 39 minutuz jokalari bat gutiagorekin jolastu zuen.

Lagun arteko partida hau baliagarria izango zaie bi taldeei. Hain zuzen, jokalariek laster abiatuko diren txapelketentzat entrenatzeko parada izan zuten. Alde batetik, heldu den astean Girondins taldeak Ligue 1 txapelketa hasiko du. Bestalde, Osasuna Malagaren kontra arituko da abuztuaren 19an Ligaren karietara.