Kazeta

Supasterak gaurkotasuna duten eztabaidak piztuko ditu

Supastera elkarteak Inxausetako topaketak antolatuko ditu abuztuaren 26tik 28ra, Bunuzen. Berritasunez josia datorren programako protagonistak aurkeztu dituzte jada. Horien artean, Emmanuelle Cosse Estatu frantseseko Etxebizitza ministroa. Gainera, aurten, elkarteak Estatu frantseseko lehendakaritzarako hauteskundeei begira hainbat hautagai gonbidatuko ditu.

Inxausetako topaketak abuztuaren 26ean hasiko dira. © DR
Inxausetako topaketak abuztuaren 26ean hasiko dira. © DR

Supastera elkarteak antolatzen dituen Inxauseta topaketak ekimen garrantzitsu bat bilakatu dira eragile politikoentzat, baita mugimendu sozial eta zibiletan lanean ari direnentzat ere. Aurten, abuztuaren 26tik 28ra antolatuko duen edizioak berritasun asko aurkeztuko ditu. Hala nola, egitarauaren garapena eta jorratuko diren gaien aniztasuna.

Bada berrogei urte Bunuzeko herriak Inxausetako topaketak errezibitzen dituela. Ibilbide luze honetan hainbat ministro eta ministro ohik parte hartu dute, arlo anitzetako eragileekin batera. Denak mahai inguruan elkartu ohi dira kezka pizten duten gaurkotasuneko gaiei buruz hausnartzeko. Hausnartu, eztabaidatu eta aterabideak proposatu dituzte aldi oro.

Aurtengo ekimena ildo beretik joanen da. Etxebizitzaren gaiak orain arte izan duen protagonismoa izanen du. Abuztuaren 26ean, gai horrek emanen die hasiera topaketei. Emmanuel Cosse Estatu frantseseko Etxebizitza Ministroak beste hainbat aditurekin bere hausnarketak plazaratuko ditu. Michel Mouillart etxebizitzaren ekonomia aditua, Etxebizitza promotore federakuntzaren lehendakariak diren Alexandra François-Cuxac eta Christophe Tanayk eta François Soulage Alerte kolektiboko presidenteak ere parte hartuko dute lehen egunean.

Biharamunean, eredu ekonomikoei buruzko gogoeta eginen dute. Horretarako, larunbatean 13.30etan ondoko galderari erantzuten entseatuko dira: "nola eginen dugu lan etorkizunean, zein estatus pean eta zein babesarekin?". Jean-Marie Le Guenn Lehen Ministroaren idazkariak alor horretako arazoetaz hitz eginen du.

Euskal Herriko garapen ekonomikoa

Angel Tona Eusko Jaularitzako Enplegu eta Gizarte Politiken Saileko kontseilaria ere gonbidatuen artean izanen da. Mathieu Bergé Akitania eskualdeko kontseilariarekin batera Euroeskualdea bezalako gaiak landuko dituzte. Isabelle Berrier Supastera elkarteko komunikazio arduradunak ondoko gogoeta aitzinatu du: "mugaz gaindiko gaia Euskal Herriko garapen ekonomikoaren giltza balitz?".

Ekologiaren gaiarekin bururatuko da eztabaida. Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kideak eta Richard Ubera Donibane Lohizuneko arrantza kooperatibako kideak behar ekologiko, sozial eta ekonomikoak nola uztartu daitezkeen aztertuko dute. Haiekin batera, Jean-Louis Borloo Ekologia Ministro ohia eta gaur egun Energie pour l'Afrique fundazioaren presidentea denak parte hartuko du.

Estatu frantseseko lehendakaritzarako hauteskundeei begira Supastera elkarteak pario berri bat egin du. Hots, hainbat hautagai gonbidatu ditu eztabaida pizteko. Abuztuaren 26ean François Bayrou, Philippe Foliot (UDI), Razzy Hammadi sozialisten bozeramailea eta Stéphane Peu Etxebizitza arduradunak parte hartuko dute. Gainera, Isabelle Le Callennec Errepublikanoetako idazkari nagusia ere hor izanen da.

Diru bilketa "Esperantza" komediarentzat

Topaketen karietara "Esperantza" komedia sortu dute. Emanaldia hiru gauetan eskaini nahiko lukete baina burutu ahal izateko diru kanpaina bat jarri dute martxan. Ikusgarriaren jatorria iaz argitaratu zuten "Esperantza zuhaitzen itzalpea gustuko duen itsasontzia" liburua da.

Koldo Ameztoi ipuin-kontalariak idatzitako istorioa taula gainera eramateko 10.000 euro behar dituzte. Antzerki taldea osatzen duten 22 artisten helburua argia da: Ipar eta Hego Euskal Herriko antzokiak zeharkatzea.