Kazeta

Osasuna eta Bordeleko Girondins taldeak Seaskaren alde arituko dira

Osasuna Bordeleko Girondins futbol taldearen kontra lehiatuko da abuztuaren 6ean. Seaskako ikastolen aldeko ekimena Donibane Lohizuneko futbol zelaian iraganen da.

Osasuna eta Atlhetic taldearen arteko partida 2014ean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Osasuna eta Atlhetic taldearen arteko partida 2014ean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Bordeleko Girondins taldea Osasunaren kontra arituko da abuztuaren 6an, 18.00etan, Donibane Lohizuneko Pavillon Bleu futbol zelaian.

Nahiz eta lagun arteko partida den, bi taldeko jokalariek laster abiatuko diren txapelketentzat entrenatzeko parada izanen dute. Alde batetik, Bordeleko Girondins taldeak Ligue 1 txapelketa ondoko astean hasiko du. Bestalde, nafarrak Ligan sartu direnez Malagaren kontra arituko dira abuztuaren 19an.

Kirol ekimenaren irabaziak Seaska laguntzeko bideratuko dira. Hain zuzen, elkarteak 2017 ikasturte berrian idekiko duen Etxepare lizeo berria finantzatzeko erabiliko ditu. "Gaur egun euskarazko murgiltze irakaskuntza eskaintzen duen bakarra", aipatu du Seaskak agiri batean.

Ez da lehen aldia Bordeleko taldea ikastola eta euskararen alde ari dela. Laurogei hamarkadan, Estatu frantseseko txapelduna zelarik, Errealaren kontra aritu zen Baionan.