Ortzi MURUA

Musika zeltarekin bukatu zen besta

Bayonne Live 2016 "tremplin" lehiaketa irabazi duen Matissyah taldeak jo zuen Baionako besten igandean. Landetako taldeak doinu zeltak ekarri zituen Paul Bert plazara.

Eguraldia ere zelta zen atzo, Matyssiahren kontzertuan. © Bob EDME
Eguraldia ere zelta zen atzo, Matyssiahren kontzertuan. © Bob EDME

Esne Beltzaren kontzertuaren aurretik Paul Bert plazara hurbildu ziren bestazaleek Matissyah taldea entzuteko parada izan zuten atzo. Besten karietara antolatutako Bayonne Live 2016 "tremplin" lehiaketa irabazita lortu du Akizeko (Landak) boskoteak egitarau ofizialean sartzea. Lehiaketa horretako partaide izan diren Dawa Krew, Run Caroline, eta Little Girl taldeek ere izan dute aurreko egunetan bestetan jotzeko aukera, epaimahaiaren sari berezia jasota.

Kontzertuz kontzertu dabil Matissyah taldea. Atzo, Saint Geours de Maremne-n izan ondotik, iritsi ziren Baionara. Hilabete honetan, gainera Eslovakian ere izan dira, Bratislavako frantziar-eslaviar festibalean jo baitute. Akizeko (Landak) taldeak, Baiona Ttikiko Paul Bert plazan eskaini du kontzertua, Esne Beltzaren aurretik. Leku guzi horietan musikarekiko dagoen begirunea azpimarratu digu Matissyah-k. Kontzertua eskaintzeaz gain, leku bakoitzeko kultura jasotzen ere saiatzen dira.

Beren musika "pop zeltiko" gisa definitzen dute, baina rock doinuetatik ere edaten du. ‘Chanson française’ [frantses kantagintza] musika genero zabalean kokatzen dira. Mathieu Matissyah, da taldearen muina. Berak egiten ditu hitzak zein musika, eta kontzertuetan gitarra eskuan duela kantatzen du. Bretoia da jatorriz eta harritzekoa bada ere, behin Landetara etorrita ulertu zuen melodia zeltikoak nahi zituela bere musikan. Talde zeltiko baten kontzertuan sentitutako zirrarak bere jatorrian arakatzera eraman zuen. Kantuak sortzerakoan ere, ideietan baino, sentipen eta bizipenetan oinarritzen da. Gainera, musika horrek inguruan harrera ona duela dio.

Argitaratu ez den disko proiektu batetik abiatuta osatu du pixkanaka gaur egun lortu duena. "Lagun onak" aurkitu dituela dio. Marie Blanchard-ek, biolinarekin, kutsu zeltikoa ematen dio taldeari. Lilian. C (gitarra, tronpeta, koroak) rock musikatik dator gehiago eta bestak antolatzen ibilia ere badenez, eszena gainean giroa jartzea da bere egitekoa. Sylvain Don Ubeda, berriz, (baxua, gitarra, koroak) musikari finagoa da eta ukitu teknikoak ekartzen dizkie kantuei. Guillaume Huckel-ek (perkusioak, bateria) osatzen du taldea, eta bitxikeria gisa, Matissyahren lana gustatuta, bera gerturatu zen taldera bertako kide izan zitekeen galdetuz.

Lehen diskoa bidean

2014ean 5 kantuko aitzin-disko bat argitaratu zuten, “Partons-vivre” [Goazen bizitzera]. Iaz, estudioetan grabatu dute hamabost kantuko bertsio luzea eta maketazio bidean da. Erabakiak hartzen dituena Mathieu bada ere, denen ekarpenekin aberastutako diskoa osatu dute. Ahots sendoa du Matissyah-k eta rock ukituko musika zeltiarrak emaitza ederra eskaintzen du.

Hainbat kontzertu eskaini dituzte eta Baionakoaz gain, Peyrehorade hiriko tremplin lehiaketa ere irabazi dute. Abuztuaren 6an joko dute bertan. Halakoak berentzat aukera ederra direla uste dute eta pozik azaldu dira.

Bide beretik doa, sare sozialetan duten presentzia ere. Beren musika, YouTube edo Sound Cloud-en gisako atarietan aurkitu daiteke. Facebook-en ere agertzen dira. Matissyah-k sareen aniztasuna, publiko zehatzengana iristeko bidea dela.
Baionan “publiko izugarria” aurkitu dute eta denak eskertu nahi izan dituzte besten azken egunean hurbildurik. Esperientzia berritu nahiko lukete eta hala opa diegu!