Ortzi MURUA

"Frantses giroaren aitzinean euskaldun gisa agertzen gira"

Gara egunkariko "Aperitifa" sailean Guillermo Etxeberria Bernat Etxepare lizeoko zuzendari ohiak bere bizipenak kontatu ditu. Besteak beste, Baionako besten bilakaera bere aburuz nolakoa izan den azaldu du.

Xuri-gorriz jantzi aitzin hartu gaitu Guillermo Etxeberriak.
Xuri-gorriz jantzi aitzin hartu gaitu Guillermo Etxeberriak.

San Andres plazan elkartu gara goizean Guillermo Etxeberriarekin. Bestarako prestatzen ari da hiria. Tragorik ez dugu hartu baina bazen lan bere hitzak edaten. Sortzez Zaldibarkoa bada ere, badu 40 bat urte Baionako bestak ezagutu zituela. Seaskan, ikastolen alde lan handia egin du Guillermok. Hona 1975ean iritsi eta 1976an sartu zen Iparraldeko ikastolen elkartean. Irakasle bezala aritu da eta 15 urtez Bernat Etxepare lizeoko zuzendari izan da. Erretreta hartu berria du.
Baionako bestak ere bide horretatik ezagutu ditu. Herri ezberdinetako ikastolek baliatu dituzte jai hauek diru zerbait irabazteko. Hainbat jendek, lekuren bat utziz lagundu izan dituela gogoan du.

Eta gogoratzen hasita, festen bilakaera ere aipatu digu. Lehen zernahi egitera etortzen zen jendea, borrokak izaten ziren eta urtero hildakoren bat ere izaten zen. Aurtengo segurtasun erakustaldiari dagokionez, berak dio lehenago gehiago ere izaten zirela. Gendarmeak, jende artetik zakurrekin nola ibiltzen ziren oroitzen da. Besten kari antolatu futbol partidu baten ondotik giroa nola gaiztotu zen aipatu digu, polizia eta besta zaleen arteko liskarrekin.

Orain ordea, gauzak aldatu direla iruditzen zaio Guillermori. Tokiak finkatu dira, ez dira autoak denetan lehen bezala, lo egiteko lekuak prestatu dituzte eta komunak ere eman dira besteak beste. Hala ere, kanpoko jende bat lehengo izpiritu berean heldu dela uste du eta autoetan mozkortu ondotik bestara etortzearen kontua ez du atsegin.

Besteren artean, Herriko Etxeko balkoitik egiten den idekitze ekitaldia aipatu dugu, azkenean egin ez dena. Bertsolaria kentzea ez gustatu arren, Katalina de Erauso festibaleko kantariei lekua ematea egokia zitzaion. Frantses giro horren aurrean euskal zerbait izatea garrantzitsua dela dio. Gazteen ekimenekin eta presoen aldeko ekitaldiekin, giro ederra sortzen ari dela eta pozik azaldu da.

Aurten bestetan ez da lanean arituko Etxeberria, baina usaian bezala euskal giroko lekuetan ibiliko da, Karrikaldin eta kantu taldeekin. Merezia du eta ongi pasa dezala!