Ortzi MURUA

"Patxan egitarau bikaina dugu, estilo guztiak atzematen dira"

Gara egunkariko "Aperitifa" sailean, Baionako bestetan parte hartzen duten pertsona baten ezagutza egiten da. Gaurkoan, Lili Iriartek ospakizunetan aurten Zizpa gaztetxeak bete duen funtzioaz hausnartu du.

Txosnagunea apaintzeko egindako lana azpimarratu nahi izan du Lili Iriartek.
Txosnagunea apaintzeko egindako lana azpimarratu nahi izan du Lili Iriartek.

Bazkalondoan egin dugu hitzordua Lili Iriartekin, Patxa plazako txosnagunean. Bazkalondoko atseden hartzeko unea zuen baionar gazteak. Bestak txikitatik ezagutu dituen horietakoa da. Gurasoekin Karrikaldira joaten zela gogoan du. Gaztelu zaharraren oinetan, bestetako topaleku garrantzitsua dute euskaltzaleek, dantza, kantu, bertso eta ikastolako ostatuarekin.

Orain, Errobi ibaiaren beste aldera pasa da. Bestak Baiona Ttipian iragaiten ditu lagunekin, turista gehiegi ez diren lekuan, Kalostrape, Patxa plaza eta Xina artean. Bertan giro ona dela aipatu digu eta berak, aurten emendatu diren segurtasun indarren presentzia ez duela sumatzen. Hortik kanpo gelditzen da. Ahatik, jende batengan duen eraginak kezkatzen du, hoztasun batzuek sortzen dituelakoan.

Gazte Asanbladako bozeramaile bezala ikusi dugu azken egunetan. Lehen urtea du alta, gaztetxea lortzearen inguruan sartu baita taldean. Urtarrilean izan zuten idekitzea. Beretzat Zizpa gaztetxea gauza ederra da, Baionako gazteak, bereziki euskaldunak, biltzen dituen lekua delako. Lehenago ez zuten bortxaz elkar ezagutzen ere. Orain, 30 lagun inguruko taldea osatu dute guztira. Zizpa lorturik, bestak prestatzeko are indar gehiago izan dute eta horrek motibatzen dituela dio. Besten idekitzean goraipatu dute gaztetxea eta ospatzeko parada izanen dira bestak, besteak beste, igandean antolatzen duten aperitifaren bidez. Urtez-urte giro polita izaten omen da bertan.

Hortik haratago, Bost eguneko programazio oparoa osatu dute. Estilo anitzetako musika taldeak ariko dira. Ska, reggae eta rock doinuak entzuteko parada izanen da. Patxa plazako eszena gainera igoko diren talde asko gainera, bertakoak dira. Beren egitaraua ederki defendatu ondotik, Lilik, bereziki Bolbora eta Ze Esatek entzuteko gogoa duela erran digu. Patxa plazatik aterata, Esne Beltzaren kontzertua da ikusi nahiko lukeena.

Geroari begira ere jarri da. Besta eredua gehiegi ez aldatuta ere, animaleko euskal plaza bat ikusi nahiko luke, mini festibal bat.