Idoia ERASO

Euskal kulturaren eskaintza geroz eta hedatuagoa

Baionako bestetan euskal kulturaren aniztasuna karrika eta plazetan zehar geroz eta barreiatua da. Hain zuzen, euskaltzaleen lanari esker Baiona Tipitik Handira euskara eta euskal kulturaren presentzia hedatzen ari da.

Amets Arzallusek bertsoak bota zituen irekieran. ©Isabelle Miquelestorena
Amets Arzallusek bertsoak bota zituen irekieran. ©Isabelle Miquelestorena

Karrikaldia euskal kulturaren erreferente bilakatu da urteen poderioz. Hamaika urte dira Montaut plazatik Baiona Handiko Jacques Portes plazara igaro zenetik. Folkloretik harago, euskaraz eta euskaldunen eskutik eginiko kantu, antzerki, dantzak… eskaintzen ditu arratsaldetik gauera arte, Garako artikuluak azaldu duenez.

Errobiren bestaldean, berriz, Patxa plaza euskaldun, herrikoi eta parekidea bilakatu da. Irekiera alternatiboa egin zuten asteazkenean Amets Arzallusen presentziarekin, eta geroztik egunero programazio anitza gauzatzen ari dira.

Patxoki elkarteak Baiona Ttipiko egoitzan egun bakoitzerako hainbat ekimen antolatu ditu, baina eguneko hitzordu saihetsezina, euskal kantuez gozatzea, “arroltze eta xingar” gozoz lagunduta.

Moneta euskalduna

Euskara sostengatzen duen euskoak presentzia handia izaten ari da bestetan aurten. Euskal moneta 45 taberna eta jatetxetan baliatzen ahal da, eta horren atzean dagoen engaiamenduak elebitasuna bultzatzen du.