Kazeta

Zauritu larri bat besten bigarren gauean

Prefeturak Baionako Besten bigarren gaueko bilana argitaratu du. Nahiz eta orokorrean "lasaitasunean" iragan den, pertsona batek istripu bat pairatu duela azaldu du. Larri dagoen zauritua harresietatik erori da ostiral goizeko 05.30ak aldera.

Egoera larrian dagoen pertsona harresietatik erori da.
Egoera larrian dagoen pertsona harresietatik erori da.

Pirinio Atlantikoetako prefeturak besten bigarren gaua "lasaitasunean" iragan dela nabarmendu du. Izandako gertakarien artean, pertsona bat Baionako harresietatik erori dela azaldu du. Egoera "larrian" dagoen pertsonak izterrezurra hautsi du.

Prefekturak gaua "lasaitasunean" iragan dela erran duen bitartean, gazte bat kondenatua izan dela baieztatu du Samuel Vuelta Simon prokuradoreak. Hain zuzen, bestentzat egokitzen duten Mousserolles kanpinean uztailaren 27an errandako mehatxu batzuengatik kondenatu zuten. Prokuradoreak baieztatu duenez, hasieran zaintzailea botila hauskin batekin mehatxatu zuen eta ondotik "bonba bat ezarriko" zuela erran zuen. Gaztea atxilotu ondoren, hilabete bateko espetxe zigorra betetzera eta ehun euroko isuna pagatzera kondenatu dute.

Halaber, prokuradoreak Guadalupeko pertsona bat uztailaren 27an atxilotu dutela baieztatu du. Bestetara autobusean zihoalarik Nizako atentatuak goraipatu zituen. Abuztuaren 2an epaituko dute Baionan "terrorismoa goraipatzeagatik".

Arlo juridikoan, poliziak bi pertsona atxilotu dituela kontatu du. Horietako bat diru faltsua erabiltzeagatik eta bestea ebasteagatik. Biak atxilotuak dira. Bigarren gauean jendarmeriak 450 alkoholemia kontrol egin ditu. Horietako hamazazpi positiboak ziren eta lauk delituak frogatu dituzte.

Mugetako poliziak eta Herriko Etxeko zerbitzuek alkohola berriz saltzen zituzten pertsonak kontrolatu dituzte. Alkohola proposatzen duten bost egiturek (peñak tartean) berantago ikertuak izateko agiria jaso dute. Mugetako zerbitzuek egiaztapen sakonago bat egin nahi dute.

Sokorri zerbitzuetan 145 pertsona errezibitu dituzte; gehienek traumatismoak pairatu dituzte.

Bertsu alternatiboak

Bigarren egunean Leon erregearen iratzartzeak ere gaztetxo andana bat bildu ditu. Ohitura bilakatu diren Yoga klaseak ondoren, 12.00etan erregeak bere agerpena egin du herriko etxeko balkoian.

Egitarau ofizialean ekimen bat nabarmentzekoa da; nahiz eta ez den berria aspaldiko joko baten itzulera da: Triath’drôle. Joko hori bada hemezortzi urte baztertu zutela. Baionako elkarteetako kideak leihan ezartzen ditu. Ekimena 16.00etan iraganen da herriko etxearen aitzinean.

Programa alternatiboan bertsu poteoa antolatuko dute Beñat Gaztelumendi eta Fredi Paiarekin 12.30etan Patxa plazan. Arratsaldean, 19.00etan elektrotxarangak giroa alaituko du eta gauean kontzertuak proposatuko dituzte DJ-ekin; Kevin Jager, Pace eta Skillz.