Goizeder TABERNA

Sustenguek indarturik agertu da LAB Bordaleko auzitegian

CGT sindikatuak LAB-en hautagaitzaren kontra ezarri helegitea epaitu zuen, ostegunean, Bordeleko auzitegiak. Sustengu anitz biltzen ari da sindikatu abertzalea.

 

CGTk laneko Administrazioak onartu duen hautagaitza deuseztatzea galdegiten du © Isabelle Miquelestorena
CGTk laneko Administrazioak onartu duen hautagaitza deuseztatzea galdegiten du © Isabelle Miquelestorena

Azken egunetan, LAB sindikatuaren aldeko sustenguak emendatu dira. Enpresa biziki tipien hauteskunde sindikaletan CGTk bere hautagaitzaren kontra ezarri duen helegitea salatu dute sindikatu bereko Ipar Euskal Herriko hainbat adarrek. Sud, Solidaires eta Elkartasunaren eta Borroken Nazioarteko Sindikatu Sareak ere bai. Ostegunean, uztailaren 28an, Sylviane Alaux diputatuaren sustengu gutunarekin heldu ziren LABeko kideak Bordeleko auzitegira.

"Sindikatuen kide kopurua inoiz baino apalagoa den garai honetan (justu %8), ez da normala sindikatu batzuk hauteskunde profesionaletatik baztertuak izatea", ohartarazi du Ziburuko diputatuak. LAB Ipar Euskal Herriko sindikatuen paisaiaren parte dela dio eta bazterketa hori "libreki [horren] kide izatea hautatu duten langileentzat demokrazia soziala ukatzea litzatekeela" gehitu du.

David Idiart abokatuak irakurri du sustengu gutun hori, auzitegian. Euskararen Erakunde Publikoaren agiria ere zuzendu die epaitegiari. Justiziari bere lana egiten utzi nahi diola adierazi ondoren, bere jardueran Ipar Euskal Herriko eragile sozialak euskararen normalizazioan engaiatzera bultzatzen dituela zehaztu du. LABek bere estatutuetan hizkuntza horren alde duen atxikimenduari babesa adierazteko manera bat.

Hori baita, funtsean, CGTk leporatzen dion ezaugarrietako bat: izaera euskalduna. "Ez dute onartu nahi gure weborrian bi hizkuntzak erabiltzen ditugula, euskara eta frantsesa", harritu da Eñaut Aramendy auzitik ateratzean. "Euskaldunei soilik zuzentzen garela errateko baliatzen dute hori", zehaztu du.

Abuztuaren 4an

Balore errepublikarren kontra joateaz gain, hori da leporatzen dion beste trabesa: lurralde osoa ordezkatzeko zilegitasun eskasa. Slim Ben Achour CGTko abokatuak sindikatu bat baino, LAB alderdi bat dela salatu du. Korsikako STC sindikatuarekin berak eta beste sindikatu frantses batzuek egin duten bezala, proiektu politiko baten alde lan egiten duela erran du.

Alabaina, sindikatu abertzaleak hori batere sinisten ez duen Solidaires sindikatuaren sustengua ukan du Bordeleko auzitegian. NPA alderdiko Philippe Poutouk hor izateko gogoa adierazi du, nahiz eta ez duen etorri ahal izan. Abuztuaren 4an emanen dut epaiaren erabakia epaileek eta CGTk nahiz LAB-k helegitea aurkezten ahalko dute.