Kazeta

Kanboko suhiltzaileek promesak idatziz nahi dituzte

Uztailaren 21az geroztik Kanboko suhiltzaile boluntarioak greban daude. Uztailaren 28an, auzapeza eta CASDISeko lehendakariarekin bildu ziren eta aterabideak ikertzen ari direla nabarmendu dute. Haatik, greban segitzea erabaki dute.

Uztailaren 23an manifestazio bat antolatu zuten Kanbon.
Uztailaren 23an manifestazio bat antolatu zuten Kanbon.

Kanboko suhiltzaile boluntarioak zentroko buruzagiak erabiltzen dituen metodoen kontra mobilizatuak dira. Asteburutik greban dira eta, mementoz, bide berdinetik segitzea erabaki dute. Uztailaren 28an bilkura bat antolatu zuten Vicent Bru auzapeza eta Pepela Mirande CASDISeko (departamenduko suhiltzaileen administrazio kontseilua) lehendakariarekin.

"Kanboko suhiltzaileak kexu" deituriko kolektiboak eragileek beren arrangurak entzuteak eskertu du. Buruzagiarengandik "errespetu eskasa" jasotzen dutela kontatu du, besteak beste. SDIS (Departamenduko sute eta sokorri zerbitzua) eta Pierre-André Durand prefetarekin aterabideak ikertzen ari dela aipatu du.

Hala ere, lana berriz ez hartzea erabaki dute. Eragileengandik "gure aldarrikapenak satisfatuko dituen dokumentu idatzi bat" espero duela erran du kolektiboak. Ildo horretatik, onartutakoaren baieztapenak asteburua baino lehen jasoko lituzkeela esplikatu du.