Ortzi MURUA

"Italiatik etorrita, bestetan zerbitzatzea berezia izan da"

Gara egunkariko "Aperitifa" sailean, Andrea Vivianen lekukotasuna azaldu dute. Italiatik Baionara etorritako ikasleak Cafe Salud ostatuan lan egiten du besten garaian. Baionako ospakizunak eta Italiakoen arteko ezberdintasunak zeintzuk diren esplikatu du.

Ostatuan ezarri dituzten aterkiak zerbitzarientzat lagungarri izanen direla dio Andreak.
Ostatuan ezarri dituzten aterkiak zerbitzarientzat lagungarri izanen direla dio Andreak.

Andreak Cafe Salud ostatuan lan egiten du. Lehen aldia da beretzat. Izan ere, Milanetik (Italia) etorri da ikasturte honetan Baionara.

Lehenago izana zen Hego Euskal Herrian, eta hura maitaturik bazuen Iparraldea ere ezagutzeko gogoa. Ikasketentzat frantsesa baliagarri izanen zitzaiola jakitun, ez zuen dudatu. Baina badaki nora etorri den. Bi Estaturen artean aurkitzen den herri "mistiko" hau zirraragarria zaio, beretzat irudikatzeko egoera zaila baita.

Fakultatean azterketak bukatu eta hasi zen lanean ostatuan. Uztailan Italian aste zenbait pasa ondotik, bestetarako itzuli da. Astelehen eta asteartean prestaketa lan nagusiak eginik, asteazkenean eman zieten hasiera Baionako bestei. Ez da txantxetakoa izan beretzat. Eguerdi aldetik goizeko ordu txikietara da idekia Café Salud. Hala ere, badu tarterik atsedenerako, eta bestarako aukera ere ez du baztertu. Ostatutik, San Andres plazako kontzertuak segitzeko aukera dute eta lana bukatu ondotik, giroak daraman lekura joan nahi luke.

Zerbitzatzeko unean, garagardoa du atsegin, "ateratzeko erreza eta ona". Baina edateko, patxarana du maiteen, Baionan ezagutu du, eta norbaitek galdetzean zerbitzatzea beretzat "plazer bat dela" dio. Janari aldetik ere, gustura dabil, pisua hartu duela ere aitortu digu. Amak bisitan etorririk esan omen zion: "Hemen ongi jaten duzu!".

San Ferminetan izana zen jadanik eta Baionako bestak haiekin parekatu ditu. Milan inguruan ere, herrietako bestak izaten omen dira. Ahatik, Italiakoak xumeagoak direla dio, herrikoiak eta tradizionalak. Gainera, turistarik ere ez dute erakartzen, eta hala, ezagunen arteko giro bat sortzen da.

Baionan etxean bezala sentitu da Andrea eta esperientzia ona gordeko du buruan, lagun onak eginik. Besten bukaeran gauza bera erranen duen galdetuta, hala ere, irri egin du. Euskara ikasten ahalegindu da eta lortu ez badu ere, euskaraz bota ditu azken hitzak: "Gora Euskal Herria!".