Kazeta

Baionako besten lehen gaua "lasaia" eta "makurrik gabekoa"

Suprefeturak Baionako besten lehen gauaren bilana plazaratu du eta "lasaiki eta makurrik gabe" iragan dela azaldu du. Bigarren egun honetan, nahiz eta haurren eguna bertan behera utzi duten, tipienek Leon erregearen iratzartzeaz gozatu ahal izan dute.

Iaz baino jende gutiago hurbildu da Baionako besten lehen gauera. ©Isabelle Miquelestorena
Iaz baino jende gutiago hurbildu da Baionako besten lehen gauera. ©Isabelle Miquelestorena

Cathérine Seguin Pirinio Atlantikoetako suprefetak Baionako besten lehen gauaren bilana egin du eta jende gutiago izan dela nabarmendu du. Gertakari esanguratsurik gabeko uztailaren 27ko gauean iaz baino atxiloketa eta kontrol gehiago burutu direla azpimarratzekoa da. Herriko Etxeak ez du gertakaririk gaineratu.

Polizia frantsesak bederatzi pertsona gelditu ditu; iaz, berriz, bi interpelazio soilik burutu zituen. Interpelatu dituzten pertsonak liskar, auto ebasketa eta ondasun pribatuen andeatzeekin lotu dituzte. Jendarmeriak iaz baino ehun bat alkoholemia kontrol gehiago egin ditu, hots, 395 orotara. Horietako hamaikek delituak frogatu dituzte.

Estatuko populakuntzaren babeserako DDPP zerbitzuak, Poliziak eta Herriko Etxeko zerbitzuek kontrolak egin dituzte; zortzi hain zuzen. Kontrolatu dituzten sei saltzaile ibiltarien gain, bik ez zuten legea errepetatzen.

Sokorri zerbitzuetan iragan urtean baino pertsona gutiago errezibitu dituzte. Iaz 209 sokorritu zituzten, aurten, ordea, 124 pertsona. Gehienek traumatismoak pairatu dituzte.

Lehen iratzartzea

Idekitzearen ekitaldi ofizialean agertu zen Leon erregea eta ostegun eguerdian, urtero bezala, iratzarri behar izan dute. Nahiz eta haurren eguna bertan behera utzi duten gazteenek ez dute galdu nahi izan besten bigarren eguneko iratzartzea eta haur ainitz elkartu da balkoiaren pean.

Balkoian agertu baino lehen hamarka pertsonek herriko etxeko plazako dantzaldian parte hartu dute. Minutu batzuk beranduago erraldoien kabalkada eskaini dute. 12.00ak baino lehen mailaz igo diren hiru kirol taldetako kideak balkoian agertu dira hiriko giltzak botatzeko; horien artean Marracq kolegioko esku baloi neska taldea.

Programa alternatiboan 19.00etan PAF elkarteak poteo feminista antolatuko du. Ondotik, 22.00etan, The Twin Stoners eta Beyrouth Ouest taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Uztailaren 29an, eguerdia Beñat Gaztelumendi eta Fredi Paia bertsolariek animatuko dute Patxa plaza.