Kazeta

Oinak arin eta zintzurra uros Baionako Karrikaldian

Euskal kulturaz beteko da Jacques Portes plaza Baionako besten denboran. Euskal dantza, kantu eta musika hor elkartuko dira ostegunetik igandera.

Arratsero Karrikaldia izanen da Jacques Porte plazan.
Arratsero Karrikaldia izanen da Jacques Porte plazan.

Ohitura bilakatu da, Jacques Portes plaza izanen da euskal kulturaren atea Baionako besten ostegunetik igande arte. Hamekagarren urtearentzat, zinezko herriko plaza batetako giroa suspertuko dute Baionako euskal elkarteek bi memento nagusirekin: arratsaldeko 4ak eterdi eta 7ak artean ikusgarriak, ondotik, arratseko 11k eterdi arte praktika, arratsalde guzian Ikastoletako talo eta edariak hor daizkelarik indar betetzeko.

Ikusgarrietan, Lerenseko Los Chancaires, makol gainean ibiltzaileek ostegun arratsaldean Karrikaldi idekiko dute, ondotik Haiz’Egoa Tiki Baionako haur koroak, Maialen Errotabehere buru, bere lehen agerraldietarik bat segurtatuko duelarik. Ostiralean Iparraldeko Makilarien txapelketa iraganen da, ohi bezala, eta Baionako Buhaminak emazte koro ezagunak bestetako bere kantaldi nagusia emanen du. Larunbatean, Leinua konpainiak aurtengo ikusgarria proposatuko du, Nafarroako Boces de Navarra taldearen joteri lekua utzi aitzin. Igandean, Orai Bat tokiko taldeak dantza partea segurtatuko du, kanturako hor daikelarik Xiberoko Hor Hor emazte hirukote gaztea Maika Etchekopar ezagunaren inguruan.

Praktikaren aldetik, Dantzazpi Leinuako txarangak segurtatuko du hiru gauez, igandekoa aldiz, Orai Batekoak. Baionan Kantuz Tuntunaren esku daike gau guziz ostiralean salbu, orduan, Ibaialdeko koroak airostuko duelako. Karrikadantzarentzat lau talde daizke, ostegunean Los Chancaires Lerenseko dantza taldearen txaranga, ostiralean Madda Maider euskaldun eta katalan bi emazteen bikotea, larunbatean Remolin okzitandar taldea eta igandean Trikili Trakala, Makeako taldea eta Karrikadantzaren antolatzailea.
Hots, Jacques Portes plazaren itzal gunean euskal doinuek eta ikastolako ostatuak jendeen gogo bihotz eta sabelen betetzeko guzia dukete, Baionako bestak urte batez gehiago ederrak izan daitezen.