Kazeta

Kanboko suhiltzaile boluntarioak greban dira

Kanboko suhiltzaile boluntarioak greban dira, zuzendariaren metodoak salatzeko. Egoeraz hausnartzeko bilkura bat hitzartu dute uztailaren 28an.

Bilkura otsailaren 28an iraganen da Kanbon.
Bilkura otsailaren 28an iraganen da Kanbon.

Suhiltzaile boluntarioek beren arrangurak eta eskakizunak kaleratu zituzten uztailaren 23an, Kanbon. Hogeita hamar bat pertsonek herriko karrikak zeharkatu zituen manifestazioan parte hartu zuten. Suhiltzaileak zentroko buruzagiak erabiltzen dituen metodoen kontra daude.

Manifestaldiaren harira, bilkura bat iraganen zela hitz eman zieten. Bilkura pusatua izan zenez, suhiltzaile boluntarioek astelehenean mobilizazioarekin segitzea erabaki zuten. Azkenean, uztailaren 28an, 19.00etan, iragan beharko luke. "Kanboko suhiltzaileak kexu" deituriko kolektiboaren aburuz epea "oso luzea" da luzaz irauten duen krisia konpontzeko.

Zentroko buruzagiari buruzko ikerketa bat abiatu dute otsailaz geroztik; gaur egun oraindik idekia dago. Suhiltzaileek hainbat boluntario buruzagiaren egin moldeengatik "depresioan eta lan geldialdian direla" nabarmendu dute.

Behin behineko aterabide gisa, buruzagiari pausa egun batzuk eman dizkiote. Uztailaren 28an iraganen den bilkuran Vicent Bru auzapezaz gain, Pepela Mirande CASDISeko (departamenduko suhiltzaileen administrazio kontseilua) lehendakariak ere parte hartuko du.

Kolektiboak hausnarketa sakon bat burutu ondoren erabakitako greba dela baieztatu du. "Eraginkorra ez den zerbitzu bat eskaintzeko" zailtasunetan direla nabarmendu du. Populakuntzari sortutako trabengatik barkamenak galdegin dizkio.