Kazeta

Hitzordu berriekin heldu dira Baionako bestak

Mediterraneo ertzeko Sète herriko arraunlariak Baionan izanen dira haien zeingehiagoka famatua ezagutarazteko.

Sèteko jokoa asteazkenean eta ostegunean ikusten ahalko da Baionan. DR
Sèteko jokoa asteazkenean eta ostegunean ikusten ahalko da Baionan. DR

Baionako besten egitaraua arramoldatua izan da azken egunetan Nizako atentatuen ondotik, baina ekimen berriak atxikiak izan dira, hala ere. Horien artean dira Sète herritik etorritako arraunlarien zeingehiagoka eta karaokea.

Asteazken eguerdian (12.30etik 14.30era) eta ostegun arratsaldean (13.00tik 15era), Aturri ibaiaren eta Mayou zubiaren artean Sèteko arraunlariek haien herrian hain ezaguna den jokoaren erakustaldi bat eskainiko dute. Bi ontziren arteko lehia da. Bakoitzaren puntan, pertsona bat dago, lantza batekin eta itsas ontziak gurutzatzen diren mementoan, batak bestea uretara bota behar du.

Horretaz gain, Triath’drôle ekimena nabartzekoa da. Ez bada berrikuntza bat ere, aspaldiko joko baten itzulera da, duela 18 urte baztertu baitzuten. Desafio irrigarrien bidez, Baionako elkarteetako kideak batzuk besteen kontra arituko dira. Besten ostiralean antolatu dute, arratsaldeko 16.00etan, herriko etxe aitzinean.

Egun berean, Leon erregearen karaokea izanen da, 12.00etan, herriko etxeko plazan. Parte hartu nahi dutenek, ordu bat lehenago tokian berean izan behar dute, castingarentzat, oholtza gainera igotzeko sailkatua izan behar baita. Gauean, berriz kantatzeko aukera izanen da (20.00tik aitzina).

Ostegunean, berriz, dantzatzeko gunea izanen da plaza nagusia, arratsaldeko 5etatik aitzina salsa doinuak izanen baitira. Ohitura dutenek hasiberriei erakutsiz hasiko da saioa.