Iurre BIDEGAIN

Akitania-Euskadin unibertsitateko ikasleen mugikortasuna ahalbidetuko duen diru laguntza

Akitania-Euskadi euroeskualdeko unibertsitateko ikasleen mugikortasuna bultzatzeko diru laguntza bat martxan ezarri dute 2016-2017 ikasturterako. Hamahiru ikasleri euroeskualdeko unibertsitateetako Gradu edo Masterrak egiteko laguntza ekonomikoa eskainiko zaie.

Diru laguntza hamahiru ikasleei bideratuko zaie. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Diru laguntza hamahiru ikasleei bideratuko zaie. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Akitania-Euskadiko euroeskualdeak unibertsitateko ikasleen mugikortasuna bultzatu nahi du. Horretarako, diru laguntza programa bat abiatu du heldu den ikasturterako. Lehen aldiz abiatu duen desmartxak hamahiru ikasle laguntzeko xedea du. Hilabetero, bakoitzari, hiru ehun euroko laguntza eskainiko dio.

Egitasmo horretaz arduratzen den Xavier Hualde teknikariak azaldu duenez, Akitaniako Unibertsitate eta Zentroen elkargoarekin hausnarketa bat burutu dute. Akitaniako Unibertsitateak batzen dituen egitura da. Elkargo hori euroeskualdeko unibertsitate guzien arteko lotura izango da.

Hualdek aipatu duenez, elkarlan horren baitan, ikasleen mugikortasuna landu dute. "Gehienak Akitaniatik Euskadira doazela ohartu gara. Akitanian Euskadira joateko baliabide ekonomiko gehiago eskaintzen dituzte Euskadin baino", nabarmendu du. Ildo horretatik, Euskadiko ikasleak ere dinamikarekin bat egiteko nahia dute.

Egitasmoa Euroeskualdearen plan estrategikoaren barnean kokatua dago. Hualdek kontatu duenez, "zailtasunak" gainditu ondoren, plantan ematea lortu dute. "Erakunde ezberdinak akordio batera heltzea zaila da, baina lortu dugu", erantsi du. Zailtasunak, batez ere, kulturalak direla zehaztu du. Hots, "lan egiteko metodo ezberdinak" erabiltzen dituzte. "Erasmus proiektuarekiko, euskal unibertsitateek ere ez dute egutegi berdina izatea lortzen. Pentsa Akitaniarekin plantan eman behar den antolaketak zer suposatzen duen", azpimarratu du.

Garatzeko borondatez

Diru laguntza lortu nahi duten ikasleek bete behar duten baldintza nagusia, Akitania-Euskadiko unibertsitate batean izena ematea da. Halaber, soilik Gradu eta Masterreko (bigarren mailatik aitzina) ikasleak deialdian parte hartu dezakete.

"Aurrekontu horrekin hasiko gara eta espero dut denborarekin emendatuko dela. Euroeskualdean maila handiko unibertsitateak ditugu. Ikasleen mugikortasuna oraindik askoz ere garatuagoa izan daiteke", erantsi du. Teknikariak Nafarroa urrian euroeskualdearen kidea bilakatuko dela oroitarazi du. Horrek ere aukera gehiago eskainiko dizkie, batez ere, Akitaniako ikasleei.