Kazeta

Gehigarrizko segurtasun neurriak "besten izpiritua errespetatzeko"

Uztailaren 27an abiatuko diren Baionako bestak zaintzeko Estatu frantseseko ordezkariak eta Herriko Etxea elkarlanean aritu dira. Nizako atentatuaren eraginez, segurtasun neurri gehigarriak plantan emanen dituzte. Herriko Etxeak laster iragarriko du egitarauan ziren ekimenek aldaketak pairatzen dituzten edo ez.

Catherine Seguin, Jean-René Etchegarai, Pierre-André Durand eta Samuel Vuelta Simon. ©Bob EDME
Catherine Seguin, Jean-René Etchegarai, Pierre-André Durand eta Samuel Vuelta Simon. ©Bob EDME

Uztailaren 14ean Nizan iragan zen atentatuaz geroztik, Baionako besten segurtasun neurriei buruzko zurrumurru anitz entzun dira. Azkenean, prefekturak eta Herriko Etxeak plantan ezarriko dituzten neurriak iragarri zituzten uztailaren 21ean. Herriko Etxeak egitaraua osatzen duten ekimenak mantentzen dituen edo ez iragarriko du ostiral honetan.

Pierre-André Durand prefetak, Catherine Seguin suprefetak, Samuel Vuelta Simon prokuradoreak eta Jean-René Etchegaray auzapezak komunikabideen aitzinean neurri gehigarri horien berri eman zuten. Prefetak "arrisku zehatzik identifikatu ez" dutela nabarmendu zuen.

"Inteligentzia agenteak beti bezain mobilizatuak" daudela erran zuen, "ez baitezpada gehiago bestak direla eta". Bestak garrantzitsuak direlako, hala ere, segurtasun neurri berri batzuk hartu dituzte, "besten izpiritua errespetatua izan dadin" eta ospakizunak manera egokian iragan daitezen.

Baionara sartzeko zazpi sarbideen ordez, lau izango dira eta horietan presentzia poliziala izanen da. Azaldu dutenez lau CRS taldek lan eginen dute, hots 243 pertsonek, baita segurtasun publikoko 176 funtzionariok ere. CRS konpainiako itsas brigadako sei pertsonek Aturri eta Errobi ibaien zaintza ziurtatuko dute.

Gainera, zibilez jantzitako agenteek segurtasuna ziurtatuko dute eta jokamolde txarren kontra lanean arituko dira. Kopurua emendatu da, baina ez dute zehaztu zenbatekoa izanen den. Colette Capdevielle diputatu sozialistak bere webgunean zibilez jantzitakoek BAC (krimenen kontrako brigada) planaren armak izanen dituztela jakinarazi du.

Neurri horiekin batera, suziriak eta supanpak erabiltzeko debekua hartu dute, besten irekiera gaualdiko "Masketan" salbu.

Justizia ere indartua

Gurutze Gorria eta babes zibileko departamenduko elkarteko taldearen indartzea nabarmentzekoa da. Iaz 152 pertsonek lan egin zuten eta aurten, aldiz, 445 pertsona egonen dira. Horiei SAMU zerbitzuko 380 pertsonak gehitu behar zaizkie.

Zaintza juridikoa ere indartuko dela esplikatu zuen Vuelta Simon prokuradoreak. Eguneko hogeita lau orduetan, lau magistratuk ziurtatuko dute jarraipena.

Mugetan poliziaren presentzia indartuko dute, 15 funtzionariorekin. Orotara 115 funtzionario euskal kosta eta tren geltokietan egonen dira, besteak beste. Jendarmeriako 389 militarrek Baionara doazen bide nagusiak zainduko dituzte, hala nola, A63 autobidea.