Mediabask

Epaitegietara jotzea aztertzen ari dira Hendaiako eskolako burasoak

Eremu berean eskola publikoa eta ikastola ezartzea da Hendaiako Herriko Etxearen asmoa. Eskolako burasoek, berriz, helegitea ezartzeko lehen urratsa egin dute.

Eskola publikoko burasoek hasieratik adierazi zuten haien kexa. © Argitxu Dufau
Eskola publikoko burasoek hasieratik adierazi zuten haien kexa. © Argitxu Dufau

Urte baten buruan, 2017ko iralean, Hendaiako ikastolako ikasle zaharrenak eraikin berri batean sartuko dira. Gaur egun eskola publikoan diren gela batzuetan. Gauzak horrela, eskola horretako burasoen ordezkariek proiektuari buruzko xehetasunak eskatu zizkioten berehalako epaileari, ekainaren 22an, proiektuak legea betetzen duen jakiteko.

"Gure arazoa ez da ikastolaren etorrera, baizik eta eskola baten etorrera, eskola edozein izanik ere", ziurtatu du buraso batek. "Gure eskolako haur kopurua haziko balitz, eta hala gertatzen da urtero, ez ginuke toki aski izanen", erantsi du.

"Herriarentzat eta herriko haurrentzat egiten dut lan. Denek ukanen dute behar duten tokia", erantzun du Kotte Ecenarro auzapezak. Eskola publikoak hamabi gela izanen ditu, ikastolak bederatzi. Horren truke, azken horrek alokairu bat ordainduko du. Bi jangela izanen dira eta bi eremuak fisikoki bereiziko dira kanpokaldean.

Hemendik 2017ko sartzera eginen diren lanek, amiantoa kentzeko eta eraikina zahar berritzeko, 1,6 milioi euro balioko dute. Obra horiek, aldiz, ez dute ika-mikarik sortzen. "Bistan da erreabilitazio lanak egitearen alde garela. Haatik, 2016-2017 ikasturtean zehar segurtasunaren bermerako eta kurtsoak emateko baldintzendako dudak ditugu", adierazi du eskola publikoko burasoak, "soinuak eta urtean zehar izan daitezkeen klase aldaketek gaituzte kezkatzen".

Lehen ministroa eta frantses lehendakaria

Arrazoi horiengadik guziengatik epailearengana jo dute gurasoek. Alabaina, lehenago beste gisa batetako arduradunen babesa bilatu zuten: prefetarena, Hezkuntza ministroarena, Lehen ministroarena eta frantses lehendakariarena. "Ez dugunez haien erantzunik izan, justiziarengana itzuli gara. Epaileak emanen digun dokumentuen arabera, ikusiko dugu urrunago joan ala ez", azaldu du burasoak.

"Herriaren bihotzaren berpiztearen barnean sartu dugu proiektua, hori nehork ez du salatzen, eta Falloux legearen barnean", erranez bururatu du auzapezak.