Goizeder TABERNA

Arazo tekniko bat izan zela dio SAFERak

Akamarreko lurren erosketaren berri ez eman izana arazo tekniko batengatik izan zela erantzun dio SAFERak ELBri.

SAFERa ELBren egiteko maneraz harritu da. © DR
SAFERa ELBren egiteko maneraz harritu da. © DR

Sindikatuei ez zitzaiela Akamarren Jean-François Lasserrek erosi zituen lurrei buruzko informaziorik helarazi salatu zuen ELBk. Afera horretan huts tekniko bat izan dela erranez erantzun du SAFERak.

Arazo informatiko batek sindikatu guziei lur salmenta horren berri ematea trabatu zuela aitortu du azken horrek. Lur antolaketaz arduratzen den erakundeko zerbitzuetako langileek batzorde teknikoan argipenak eman zituztela gaineratu du prentsa-ohar batean. Alabaina, erakunde publikoei informazioa ongi iritsi zitzaiela zehaztu du, tresna informatikoa ez delako bera.

ELBk hitz erdika adierazi nahi izan duenaz, hots, Jean-françois Lasserrek abantailak izan zituelaren susmoa, ondokoa erantzun du SAFERak: "Erosleak fabore bat izan duela… Akamarre baino haratago izen ezagunekoa izateagatik? Segurki ezetz!" Lurra erosteko akta notarioaren aitzinean legea errespetatuz izenpetu duela dio.

Salmenta horretan izan den arazoa batzorde tekniko batean aipatu dutela kontatu du erakundeak. Horrelako hutsak nahigabean gerta daitezkeela jakinik, "galdera bat edo duda bat agertu bezain fite, SAFERaren zerbitzuekin harremanetan jartzea" adostu dute batzorde teknikoko kideek, ELBk barne.

Ondorioz, prentsa-oharra galdera batekin bukatzen da: "Noren intereserako da, beraz, SAFERari ez deus galdetzea, zurrumurruek jarrera hori ukaitea behartuko zuketenean? Zein helburu dauka? Eta sei hilabete baino gehiagoren buruan prentsa bidez komunikatzea? ". Batzorde teknikoko kideek eztabaidan segituko dutela dirudi.