Iurre BIDEGAIN

"Alain Mateo saria" eskainiko dute Bidarraiko maratoian

Baztandarrak elkarteak ospe handia duten lasterketak antolatu ditu uztailaren 23an Bidarrain gaindi. Iaz, ekimenean bizia galdu zuen Alain Mateoren omenez, maratoiko helmugara ailegatuko den lehen bidarraitarrari "Alain Mateo saria" eskainiko dio.

Zazpirehun lasterkarik bi lasterketetan parte hartuko dute.
Zazpirehun lasterkarik bi lasterketetan parte hartuko dute.

Ehunka lasterketarik Baztandarrak elkarteak antolatuko dituen maratoiean eta maratoi erdian parte hartuko dute uztailaren 23an Bidarrain. Iazko lasterketan Alain Mateo ortzaiztarrak bihotzekoa pairatu zuen Iparla menditik hurbil. Aurten, elkarteak omenaldi berezi bat egin nahi izan dio eta "BK42" maratoian helmugara ailegatuko den lehen bidarraitarrari "Alain Mateo saria" eskainiko dio.

"Maratoian sei bat bidarraitarrek parte hartzen dute eta horien artean lehenik bukatuko duenari saria emanen diogu. Iazko gertakizuna markatu nahi izan dugu", kontatu du Baztandarrak elkarteko kidea den Mattin Seychalek.

Azken urtean bi lasterkarik bizia galdu dute Bidarrai inguruko mendietan. Alain Mateoz gain, iragan ekainaren 25ean Claude Larrieu zendu zen Hiru Kasko lasterketa burutzen ari zelarik. Elkarteko kideak segurtasun neurriei dagokienez "behar baino gehiago egiten" dutela nabarmendu du. "Zoritxarrez, mendiaren arriskuen kontra ez da gauza handirik egiten ahal", erantsi du.

Bi maratoi

Baztandarrak elkarteak bi lasterketa antolatu ditu. Alde batetik, "BK42" maratoia. Izenak dioen bezala, berrogeita bi kilometroko lasterketak Larla eta Iparla mendiak zeharkatuko ditu. Aurten, hirurehun parte hartzailek izena eman dute.

Bestalde, "BK21" maratoi erdia. Laurehun lasterkarik hogeita bat kilometroko ibilbidea eginen dute Artzamendi, Irubela eta Iparla Menditik pasatuz. "Jende anitz animatzen da. Bada hilabete bat izen emateak hetsi ditugula kopuru horretan mugatzen dugulako", kontatu du Seychalek.