Kazeta

Bestazale baten "ibilbidea" Baionako besten afitxa alternatiboaren irudia

Baionako hainbat elkartek besten afitxa hautaketa alternatiboa antolatu dute bigarren urtez. Aurten, ehun bozei esker Audrey Birlesen afitxak irabazi du. Ekoizpenean diseinatzaileak bestetan ikusten duena islatu du, hots, bestazale baten "bilakaera" 12.00etatik goizeko lehen orduak arte.

 

Aurtengo Baionako besten afixa alternatiboa.
Aurtengo Baionako besten afixa alternatiboa.

Herritarrek Baionako bestak irudikatuko dituen afitxa alternatiboa hautatu dute. Bigarrenez, Point 8, Aldaxka, Espaiska Berria, Ipeh Antifaxista, PAF, Baionako Gaztetxea eta Aitzinak, Herriko Etxeak, herritarrekin batera, aukeratzen duen afitxari alternatiba bat eskaini diote. Bost ehun pertsonek hamalau aukeren artean gogokoena bozkatu dute, Audrey Birles diseinatzailearen afitxa.

Birlesek "plazer handiarekin" jaso du albistea. Iragan urteko lehen edizioan parte hartu zuen "Alice au pays de Bayonne" deituriko afitxarekin baina ez zuen saria lortu. Aurten, ordea, bestazale baten "bilakaera" irudikatzen duen ekoizpenari esker lehen atera da.

"Lehiaketa hau asko maite dut, batez ere ez dagoelako deus jokoan", nabarmendu du diseinatzaileak. Bere iritziz, ekimena Herriko Etxeak antolatzen duena baino "parte hartzaileagoa da". "Bestetaz gozatzen hastearen inpresioa dut", erantsi du.

Birlesek afitxa lehiaketa "ofizialean" soilik profesionalek parte hartzen dutela oroitarazi du; "eskaintza deialdia" antolatzen dute. "Aldiz, elkarteek prestatzen dutenean denek parte hartu dezakegu eta ez dute baldintza zehatzik inposatzen", kontatu du.

Laster eskuragarria

Gehien bozkatu duten afitxa gorrian diseinatzaileak bestetan ikusten duena islatu duela aitortu du. "Bestetan edaten dugu, kantatzen edo maitemintzen gara; afitxak hori erakusten du", gehitu du. Hemendik gutira lehiaketa antolatzen duten elkarteen egoitzetan inprimaturiko bertsioa eskuratzen ahalko da.

Aurtengo afitxa "ofizialari" dagokionez Birlesek "polita" dela azpimarratu du. Aurten "polemika berezirik ez" dela agertu aipatu du. "Ez dago deus erratekorik. Sinplea da. Baiona irudikatzen du", nabarmendu du.