Goizeder TABERNA

Sindikatuek jakin gabe saldutako laborantza lurrak

Safer erakundeak ez die lur salmenta baten berri eman sindikatuei. Ororen buru, Jean-François Lasserre Departamenduko Kontseiluko lehendakariaren semeak erosi du Akamarreko lur hori.

Lasserrek ELBko kideekin mintzatzeko prest dela aitzinatu du. © Gaizka IROZ
Lasserrek ELBko kideekin mintzatzeko prest dela aitzinatu du. © Gaizka IROZ

Sindikatuen bizkar laborantza lur bat saldu izana leporatzen dio ELBk Safer erakundeari. Bere hitzetan, laborantza lurren lehentasunezko erosketa eskubideaz arduratzen den egiturak ez dio Akamarren izan den salmenta baten berri eman. Lehiakiderik izan gabe, azkenean, Jean-François Lasserre Departamenduko Kontseiluko lehendakariaren semeak erosi du.

"Amor ematen ez ginuela, [Safer-ak] onartu du informazio hori ez zela igorria izan", azaldu du ELBko lur taldeko kide den Edouard Exilardek. Mementoko, erredakzioa ez da Saferrarekin harremanetan sartu ahal izan. "Untsa zuzen ustekabe tekniko hori hain ezaguna den familia baten alde itzulikatzen da!", harritu da gainera.

Gauzak nahasten direla erantzun du Jean-François Lasserrek eta ez dela "Saferrak egiten duenaz edo egiten ez duenaz" jakinean erantsi du. Departamenduko langile da, baina familiaren etxaldea ere kudeatzen du eta horren izenean, 17,5 hektareako saila eta 2,5 hektareako oihana erosi duela onartu du. Lehen, zituen 30 hektareetatik 26k urpean izateko arriskua zuten eta lur lehorra xerkatzen zuen.

ELBk beste pertsona batzuek behar handiagoa luketela pentsatzen du, eta lurrik gabeko laborarien adibidea ematen du. Baina lehentasunez erosteko eskubidearentzat epeak bukatu direnez, eta salmenta joan den neguan burutu zenez, "Jean-François Lasserre-i galdegiten diogu lur horien parte bat instalatu nahi duen gazte bati edo inguruan litakeen etxalde ttipi bati proposatzea", adierazi du sindikatuak prentsa-ohar batean. Lasserrek ELBko kideekin mintzatzeko prest dela aitzinatu du. Aldiz, ez dirudi bere lurrak beste norbaiten esku uzteko prest denik.