Kazeta

Elkargo bakarra prestatzeko lantaldea osatuz doa

Elkargoa bakarrarentzako batzorde eragilea ia prest da. Baionako bigarren ordezkaria izendatzea falta da.

Claude Olive eta Francis Gonzalez HELEParen aurkariek batzorde eragilean parte hartzen dute.
Claude Olive eta Francis Gonzalez HELEParen aurkariek batzorde eragilean parte hartzen dute.

Gauzak zehazten ari dira elkargo bakarraren prestakuntzarako. Uztailaren 6an izan zen batzorde eragilean, herri elkargo bakoitzeko ordezkaria zein izanen zen argitu zen, edo abantsu.

Hamar elkargoetako ordezkariak izendatu dituzte jada, Baionako herriko etxekoak salbu. Jean-René Etchegaray auzapezak ez du oraindik publiko egin, Sylvie Durruty lehen axuranta eta Martine Bisauta axurantaren artean, nor hautatuko duen. Baina gainerateko 28 kideak mahainaren inguruan jarri dira jada.

Nabarmentzekoa da, Euskal Kosta Aturri Hiriguneko ordezkari elkargo bakarraren aurkariak agertzen direla, hala nola, Claude Olive, Michel Veunac, Guy Lafite, Emmanuel Alzuri, Jean-Pierre Laflaquière eta Francis Gonzalez. Amikuzetik ere egitura berriaren kontra lan egin duten Eric Narbais-Jaureguy eta Jean-Jacques Loustaudaudine daude.

Herri elkargoen ordezkarien zerrendan Hendaia falta da, Hego Lapurdi Hiriguneko herri handiena (17.000 biztanle). D. Lohizune, Arbona, Sara eta Urruña badaude. "Peyuco Duhart hiriguneko lehendakariarekin mintzatu naiz eta bere arduraren izenean berez zerrendan izan behar zela eta, gainera, herri tipiek beren tokia izan behar zutela erran dit", kontatu du Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak.

Aldiz, eskuinaren eta ezkerraren arteko oreka ez dela kontutan hartua azpimarratu du azken horrek. "Baina ez dut mementoko deus eginen, ez baikara elkargoaren bulegoaren osaketaz ari. Etorkizunean ikusiko dugu", erantsi du.

Batzorde eragileaz gain, 28 laguneko batzorde mistoak osatuko dira. Finantzak, fiskalitatea, erakundearen antolaketa, ahalmenen harmonizatzea izanen dira besteak beste hautetsiek landuko dituzten gaiak. Gisa horretan batzorde eragilean ez diren herriko kontseilariek parte hartzen ahalko dute.

Batzorde teknikoa

Ondoan, batzorde tekniko bat izanen da. Jean-Paul Badie eta Xavier Aspord, hurrenez hurren, Euskal Kosta Aturri eta Hego Lapurdi Hiriguneko zuzendari nagusiek gidatuko dute lantaldea eta egungo herri elkargoetako zuzendari nagusiek eta Battitta Boloquy Hautetsien Kontseiluko zuzendariak ere osatuko dute. Erakundeetan espezializatua den bulego bat hautatuko dute gainera, hemendik agorrila bukaerara.

Gisa horretan, orain arte Hautetsien Kontseiluak eraman duen lana egungo hamar elkargoetako hautetsiek garatuko dute, Ipar Euskal Herriko Hirigunea gauzatu arte. Bilakaera horretan, Hautetsien Kontseiluaren etorkizuna zein izanen den erabaki beharko dute.

Horretarako, herrietako kontseilarietaz gain, parlamentariak, eskualdeko eta departamenduko hautetsiak biltzen dituen erakundeak proposamen bat adostu beharko du. Baina horrek luze joko du. Uztailaren 7an egin zuten bilkuran, udazkenean erabakiko zutela iragarri zuen Jean-René Etchegaray Hautetsien Kontseiluko lehendakariak.

 

Jean-René Etchegarayk zuzentzen duen batzorde eragilearen osaketa:

- Euskal Kosta Aturri Hirigunea: Claude Olive, Jean-René Etchegaray, Matine Bisauta edo Sylvie Durruty, Michel Veunac, Guy Lafite, Emmanuel Alzuri, Jean-Pierre Laflaquière, Francis Gonzalez.
- Hego Lapurdi Hirigunea: Peyoco Duhart, Jean-Baptiste Laborde, Odile de Coral, Marie-José Mialocq.
- Amikuzeko Herri Elkargoa: Eric Narbais, Jean-Jacques Loustaudaudine.
- Errobi Herri Elkargoa: Paul Baudry eta txandaka Vincent Bru eta Bruno Carrère.
- Garazi Baigorri Herri Elkargoa: Beñat Arrabit, Pierre Eyherabide.
- Hazparneko Herri Elkargoa: Pascal Jocou, Beñat Inchauspe.
- Iholdi Oztibarre Herri Elkargoa : Bernard Cachenaut, Daniel Olçomendi.
- Errobi Aturri Herri Elkargoa: Roland Hirigoyen, Alain Iriart.
- Bidaxune aldeko Herri Elkargoa: Maider Behotegui, Simone Berlan.
- Xiberoko Herri Elkargoa: Dominique Boscq, Michel Etchebest.
- Hautetsien kontseiluaren izenean Frédérique Espagnac.
- Gomita: Caroline Phillips, Garapen Kontseiluko lehendakaria, eta Lucien Betbeder, Herrien Biltzarreko lehendakaria.