Ximun LARRE

Aldude lanean ibarra erakargarriagoa bilakatzeko

Aiba elkartea Aldudeko ibarra erakargarriagoa bilakatzeko lanean ari da. Lan ildo berriak bada hogei urte antolatzen dituen ate-idekitzeen segida dira.

Aldude Mentan ostatian aurkeztu dute Aiba.©Ximun Larre.
Aldude Mentan ostatian aurkeztu dute Aiba.©Ximun Larre.

Bada hogei urte Acva elkarteak (Aldude ibarreko merkatari, laborari eta artisauen elkartea) ibarrari bizia emateko lanean ari dela. Desmartxa horren ekimen garrantzitsuena urtero antolatzen dituen ate-idekitzeak dira. Lurraldearen garapenaren alde urrunago joateko xedez, elkarteak lan ildo berriak finkatu ditu.

2012an Acva elkarteak gogoeta sakon bat abiatu zuen: "Aldudeko ibarra 2030ean". Banka, Aldude eta Urepeleko herrien etorkizuneko egoeraz hausnartzen duen lana da. Geroztik, elkarteak antolatzen dituen ate-idekitzeentzat gai bat hautatzen du. 2014ean mugaz gaindiko gaia hautatu ondoren, aurten "lurraldearen erakargarritasuna" landuko du.

Ibilbide berri baten hasiera adierazteko, elkarteak izen berri bat hautatu du: Aiba (Aldudeko Ibarra Beti Aitzina). "Gure desmartxa ikusgarriagoa bilakatzeko izen berri bat hautatu dugu. Ondotik, ibarreko gazteengana joan gara", azaldu du Catherine Oteizak Aibako lehendakariak. Berarekin batera lehendakaritzaz arduratzen den Maika Alfaro gazteriaren parte hartzearen ikurra da.

Hiru ildo nagusi

Bere iritziz, Aiba "hausnarketa kolektibo" baten emaitza da; "herritarrak eta hautetsiak biltzen dituenak". Batzordeak hausnarketa lan bat burutu ondoren hiru ildo atxiki ditu: etxe hutsen arazoa, herritar berrien gizarteratzea eta mugikortasuna.

Bankako auzapeza den Michel Oçafrainek nabarmendu duenez, ibarraren demografia "lehentasunezkoa da". 900 biztanle inguru dituen lurraldean etxe huts asko dauden bitartean, bertan bizi nahi duten askok etxebizitza bat lortzeko arazoak dituzte.

Etxebizitzen egoera ikertzeko xedez, elkarteak errolda bat egin du. "Etxe hutsak, bigarren etxebizitzak eta sasoiko alokairuak  kontatu gabe, etxeen %60a betea da urtean zehar", zehaztu du auzapezak.

Elkarteak herritar guziei galdetegi bat bidaliko die etxebizitza bat eskuratzeko, eraikitzeko edo berritzeko beharrak zeintzuk diren ezagutzeko. Lehen bilkura bat antolatu dute departamenduko kontseiluarekin eskuratzen ahalko lituzketen laguntzen berri izateko.

Halaber, elkartea herritar berriekin eta ibarra utzi dutenekin bilduko da lurraldean integrazioa nola bizi duten jakiteko. Partaidetza bat aurreikusi du Kanalduderekin lekukotasun horiek biltzeko.

Aipatu bezala Aibak mugikortasunean arreta ezarri nahi du. Horretarako, pertsona bat ildo horretaz arduratuko da. Landu beharreko gaien artean autoa partekatzea eta tren zerbitzura joango litzatekeen autobus lotura daude, besteak beste. "Autoa askatasunaren ikurra da, baina aldi berean ohituren aldaketa sustatu behar dugu", erantsi du Oçafrainek.

Aurtengo ate-irdekitzeak urriaren 13tik 16ra iraganen dira. Kanaldudek antolatu eztabaida batek ekimena abiatuko du; lurraldearen erakargarritasunaz hausnartuko dute.