Ximun LARRE

Emazteak eta justizia trantsizionala aipagai Baigorrin

Varenne institutuak eta Justizia trantsizionalaren elkarte frankofonoak "Emazteak eta justizia trantsizionala" lelopean iraganen den Udako Unibertsitatea antolatuko dute Baigorrin, ekainaren 3tik 9ra. Egun horietan ere, Emazteen iraultza deituriko filma eta dokumental festibala proposatuko dute.

Festibalean zazpi filma proposatuko dituzte. © Julien Harneis
Festibalean zazpi filma proposatuko dituzte. © Julien Harneis

Bada hiru urte Varenne institutuak eta Justizia trantsizionalaren elkarte frankofonoak Udako Unibertsitateak antolatzen dituztela. Bigarren aldiz, Baigorrik errezibituko du ekimena, ekainaren 3tik 9ra. Aurten, justizia trantsizionalean emazteek duten rola aztertuko dute. Horretarako, hamabost herrialdetatik etorritako ikasleak adituekin lanean arituko dira. Aldi berean, filmak eta dokumentalak eskainiko dituen festibala antolatuko dute Bil Etxea zine gelan.

Unibertsitateak emazteek iraultzetan duten rola hanbait diziplinaren ikuspegitik aztertuko du. "Kurdistan ala Kongon izan, gaurkotasunak emazteak gatazketan inplikatuak direla erakusten du", azaldu du Varenne institutuko zuzendaria den Magalie Bessek. "Justizia trantsizionalaren gaia ezaguna da, baina emazteek prozesu horretan jokatzen duten papera ez da baitezpada nabarmendua. Orokorrean, emazteak gizartean duen tokia aztertu ohi dugu", erantsi du.

Euskal Herriaren tokia

Duela bi urte, unibertsitatea Baigorrin iragan zelarik, zine eztabaidak antolatu zituzten. Desmartxa hori sakontzeko xedez, filma eta dokumentalen festibal egituratuago bat proposatuko dute aldi honetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, iragan urtean ikasle eta publikoaren arteko trukaketa oso aberasgarria izan zen.

Filmen hautaketarentzat gatazkak izan diren lurraldeak hartu dituzte, beti ere, Euskal Herriari toki berezi bat eskainiz. Filma bakoitzaren proiekzioa eta gero eztabaidak proposatuko dituzte egile eta adituekin.

Emazteek iraultzetan izan duten tokia islatzen duten filmen artean, Dominique Gautier eta Jean Ortizen "Compañeras" filma dago. Horrek emazteek Errepublika espainiarrean eta frankismoaren kontrako guduan izandako engaiamendua kontatzen du.

Euskal Herriko egoeraren berri ere emanen dute Josu Martinezen "Itsasoaren Alaba" filmaren bidez. Istorioan Haize Goikoetxeak bere aita zen Mikel Goikoetxearen, "Txapela"ren, arrastoak segitzen ditu. Galek hil zuen 1984an.

Festibalaren egitaraua guzi webgunean ikusgai da.