Iurre BIDEGAIN

Lau hilabeteko espetxe zigorra eta "interes orokorreko lanak" kondenatutako hiru gazteentzat

Hiru gazte kondenatu dituzte ekainaren 30ean Baionako epaitegian. Horietako biri "interes orokorreko lanak" egitera kondenatu dituzte, 2015ean atxiloketa batzuk salatzeko margoketak egiteagatik. Hirugarrenari lau hilabeteko espetxe zigorra agindu diote Baigorriko atxiloketen harira antolatu zen elgarretaratzean izandako istiluengatik.

Aitzina eta EH Baik elgarretaratzea antolatu dute epaiketaren karietara. ©Isabelle Miquelestorena
Aitzina eta EH Baik elgarretaratzea antolatu dute epaiketaren karietara. ©Isabelle Miquelestorena

Hiru gazte epaitu dituzte Baionan ekainaren 30ean. Horietako biri 2015eko urtarrilean iragandako atxiloketak salatzeko margoketak egin izana leporatzen diete. Hirugarrenari, Baigorriko atxiloketak salatu zituen elgarretaratzean polizia bati "harri bat botatzea" egotzi diote.

Aitzinako kidea den Aitor Servierrek azaldu duenez, margoketengatik epaitutako gazteak hogeita hamabost orduko "interes orokorreko lanak" egitea kondenatu dituzte. Baigorriko istiluetan parte hartu zuen gazteari lau hilabeteko kartzela zigorra agindu diote. Hiru gaztek leporatzen zaizkien karguak asumitu dituztela kontatu du Servierrek.

Bere aburuz azken kasu horretan kondenak "seguraski egokitzapenak izanen ditu". "Alegia, litzatekeena da kartzelan sartu beharrik ez izatea. Horrelako aipamen batekin egokitzapenak posible dira. Hainbat gauza izan daitezke, hala nola, herriarentzat lanak egitea edo eskumutur elektronikoa eramatea", erantsi du.

"Engaiamendu eza"

Aitzinak kondenari buruzko iritzia argi utzi du: "aski da eta errepresio horrekin nazkatuak gaude". "Epaiketa berri horiekin euskal gazteria kriminalizatzeko Estatu frantsesak duen estrategia agerian dago", nabarmendu du.

Margoketengatik atxilotu zuten gazte baten kasuan Servierrek bere etxera bila joan zirela oroitarazi du; "gaizkile huts bat balitz bezala". Baigorriko istiluak "testuinguru berezi batean eman zirela" oroitarazi du. "Ikusten da Estatu frantsesak ez duela inolako engaiamendurik hartu nahi gatazkaren konponbidean", gehitu du.