Kazeta

EH Bai eta Aitzinak hiru gazteen epaiketak salatu dituzte

Aitzina mugimenduak eta EH Bai alderdiak heldu den ekainaren 30ean hiru gazte epaituko dituztela salatu dute. "Euskal gazteriaren kontrako kriminalizazio" saiakera berri horren kontra joko dute egunean berean Baionako epaitegian antolatuko duten elkarretaratzean.

Baigorriko atxiloketak salatzeko elkarretaratzea. ©Isabelle Miquelestorena
Baigorriko atxiloketak salatzeko elkarretaratzea. ©Isabelle Miquelestorena

Heldu den ostegunean, ekainaren 30ean, hiru gazte epaituko dituzte Baionan, Aitzina eta EH Baik agiri baten bidez azaldu dutenez. Horietako bi iazko urtarrilean iragan ziren atxiloketak salatzeko agertu ziren tindaketekin lotu dituzte. Hirugarrenak Ortzaizeko atxiloketak salatzeko elkarretaratzean izandako liskarrekin zerikusia du.

Aitzina gazte mugimenduak eta EH Bai alderdiak Estatu frantsesak "bide errepresiboak erabiltzen segitzen duela" salatu dute. Atxiloketa eta epaiketekin bukatzeko garaia dela aipatzeaz gain, gertakariak testuinguru politikoan kokatu behar direla azpimarratu dute.

"Azken urte hauetan, konponbide prozesuaren aldeko urratsak egiten direnean, gizartearen gehiengo zabal batek konponbide prozesuak aitzina egin dezan aldarrikatzen duenean, bide errepresiboari lotuak diren atxiloketa zein epaiketek ez dute izaterik", zehaztu dute.

Agirian 2014eko urriaren 24ean hainbat eragile politikoek izenpetu zuten Baionako deklarazioa oroitarazi dute, non izenpetzaileek, konponbidearen aldeko urratsak egitea eskatu zioten Gobernu frantsesari.

"Bada garaia Frantziar estatuak bere erantzukizunak esku artean har ditzan eta konponbide prozesuaren aldeko zinezko urratsak egin ditzan", erantsi dute. Ildo horretatik, epaiketa horiek "bertan behera gelditzea" fermuki eskatu dute.

"Euskal gizartearen kontrako kriminalizazio saiakerak biderkatzen" doazela salatzeko EH Bai eta Aitzinak elkarretaratze bat antolatuko dute ekainaren 30ean 13.45etan Baionako epaitegiaren aitzinean.