Kazeta

Mugaz gaindiko lankidetzako proiektuak saristatuko dituzte

Baiona-Donostia Euskal eurohiriaren garapenerako mugaz gaindiko agentziak eKOP sariak antolatu ditu. Mugaz gaindiko elkarlana sustatuko duten proiektuak edo eragileak saristatuko ditu.

Baiona-Donostia Euskal eurohiriaren garapenerako mugaz gaindiko agentziak, Bihartean eta mugaz gaindiko Komertzio eta Industria Ganbararekin batera eKOP sariak antolatu dituzte. Eurohiriko garapen ekonomikoaren sustatzaileak sariztatu nahi dituzte. Mugaz gaindiko arloko proiektuek eta eragileek parte hartzeko aukera izanen dute.

Lehiaketaren antolatzaileek azaldu dutenez, lehen saria 3.000 eurokoa izanen da. Bigarrena eta hirugarrenari 1.000 euro eskainiko zaie. Interesatuak direnek ekainaren 30a arte parte hartu dezakete.

Bete beharreko baldintzak egitasmoaren webgunean zehaztuak dira. Irabazleak urrian antolatuko duten ekimenean iragarriko dituzte.