Kazeta

Lan erreforma: Senatuan bozkatuko duten egunean, mobilizazioak bizirik

Ekainaren 28ko arratsaldean Senatuan lan legea bozkatzekoa dute. Egun berdinean Estatu frantses osoan sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte. Baionan, pertsona andana batek araudia bertan behera uztea eskatu dio Gobernu frantsesari.

Beste behin ere lan erreformaren kontra jo dute Baionako karriketan. ©Isabelle Miquelestorena
Beste behin ere lan erreformaren kontra jo dute Baionako karriketan. ©Isabelle Miquelestorena

Ekainaren 28an Estatu frantses osoan lan legearen kontrako 11. mobilizazio eguna iragan da. Baionan sindikatuek eta Jusqu'au retrait kolektiboak martxa antolatu dute tren geltokitik suprefeturaraino. Manifestazioa ireki duen pankartan kolektiboak berriki zendu den Claude Larrieu gogoan izan du: "Agur eta ohore".

Goizeko 10.30etan hitzordua finkatua zuten beste behin ere lan erreformaren kontra jotzeko. Gaurko mobilizazio eguna inoiz baino hunkigarriagoa izan da Baionan. San Izpirituko zubira ailegatzean Jusqu'au retrait kolektiboak omenaldi bat egin dio galdu duen kideari. Larrieuren argazki bat jarri, lore eskaintza egin eta minutu batez isil unea mantendu dute.

Ondotik, manifestatzaileak suprefeturaraino hurbildu dira. Manifestazio denboran, inter-sindikalistek lan legearen "kontra" eta "aldeko" inkestak betetzea eskatu diete herritarrei. Ondoren, 2.600 euskarri inguru eman dizkiote suprefeturaren ordezkari bati.

Manifestatzaileek ozen entzunarazi dute: "ez gaude nekatuak, mobilizatuak segitzen dugu". Uda garaian mobilizazioari eman beharreko segidaz ez datoz bat sindikatuakn. Arratsalde honetan talde sindikalistak elkartuko dira mobilizazioei zein jarraipen eman beharko den erabakitzeko.

Legearen bertsio bat bozkatuko dute Senatuan ekainaren 28an 18.00etan; gehiengoa eskuinekoa da. Araudian aldaketa batzuk egitea proposatu du eskuinak, horien artean 35 orduko lan astearen kentzea. Senatuan bozkatu ondoren, heldu den uztailaren 5ean irakurketa berri bat egin beharko lukete legebiltzarrean.