Arantxa MANTEROLA

Jusqu'au retrait kolektiboak "poliziaren indarkeria" salatu du

Lan erreformaren kontrako Jusqu'au Retrait kolektiboak Txetx Etxeberrik Baionako suprefeturan egindako ekintzan jasandako kolpeak salatu ditu.

Suprefetura barnean ziren militanteen artean Txetx Etcheverry zegoen, Biziko militantea. © Bob EDME
Suprefetura barnean ziren militanteen artean Txetx Etcheverry zegoen, Biziko militantea. © Bob EDME

Lan-erreforma bertan behera uztea exijitzen duen Jusqu'au Retrait Ipar Euskal Herriko kolektiboak ekainaren 23an Baionako suprefetura aitzinean "era baketsuan" egin zuen "desobedientza ekintzaren" inguruan gertatutakoaz bere bertsioa eman zuen atzo goizean, Garako artikuluak azaldu duenez.

Izan ere, egun hartan burni-hesia gainditu eta hori loturik protesta egiten ari ziren bost lagun atxilo eraman zituzten. Horietako bat, Txetx Etxeberri, "polizia baten aldetik, eskuak atzean loturik lurrean zeukatela eta kameretatik kanpo" jasan zuen "jipoia" salatu zuen Barth Camedescasse Bizi! mugimenduko bere kideak. Kolpeen ondorioz, bi egunez medikuak gelditurik izan dela ere gaineratu zuen.

Kolektiboak harriduraz eta biziki haserre hartu ditu Catherine Seguin suprefetak egunkari bati egindako adierazpenak, non "biktima bat izatekotan, hori ni naiz" esan zuen. Hitzok are eta salagarriagoak iruditzen zaizkio "hiri askotan Poliziak indarkeria gero eta maizago eta bortitzago" erabiltzen ari denean.

Gobernuak gai honetan "iritzi publikoa nabarmen kontra" duela uste du: "Horregatik beldurra, eta manipulazioa erabiltzen du eta oinarrizko eskubideen kontra, –manifestatzekoa, kasu– egiten du".
Larunbatean Iparlan istripuz zendutako beren kide Claude Larrieu gogora ekarrita, "borroka segituko" dutela azpimarratu zuten, gaur Baionako mobilizaziora deituz.